Udaletxe atzeko zebrabidea hobetzeko lanak hasi dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Udaletxearen atzean dagoen zebrabideari altuera emateko lanak hasi ditu Galdakaoko Udalak, «oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko» helburuz.
Juan Bautista Uriarte eta Bizkai kalea lotzen dituen zebrabidea, udaletxe atzekoa, altxatzeko lanak hasi zituen atzo Galdakaoko Udalak. Honen bitartez, errepidearen altuera espaloiaren altuerarekin lerrokatuko da eta gune horretako irisgarritasuna hobetuko da. Horrela, gurpil-aulkiak edo haurren aulkiak errazago gurutzatu ahal izango dute.
Bestalde, erliebean egindako gainazal berria jarriko dute espaloian, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek zebrabidea identifikatu ahal izan dezaten.
«Irisgarritasunaz gain, oinezkoen segurtasuna handitzea da lan honen helburua. Izan ere, trafiko handiko bidegurutzea da zenbait ordutan, eta haur asko igarotzen dira bertatik eskolara bidean», adierazi dute Udaletik.
Obren lehen fasea, espaloia altxatzea, dagoeneko hasi da. Hurrengo egunetan errepidearen zorua aldatuko da, eta horretarako trafikoa eten beharko da egun batez. Ordezko bide bat jarriko da, eta horren berri emango die herritarrei Udalak bere sare sozialetatik.