Urreta kiroldegia irailaren 17an irekiko dute berriz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Uztailean hasi ziren Urreta kiroldegia handitu eta berritzeko lanak eta elementu batzuen hornidura atzeratzeak lanak luzatzea eragin du. Galdakaoko Udalak jakinarazi duenez, irailaren 17an irekiko dute kiroldegia eta egun horretan hasiko dira ikastaroak.
Galdakaoko Udalak uztailean hasi zituen Urreta kiroldegiaren barrualdea berritzeko, aireztapen naturala txertatzeko eta kiroldegia handitzeko lanak. Lanek guztira 22 hilabete irautea aurreikusi dute eta faseka egingo dituzte, «erabiltzaileei ahalik eta kalte txikiena eragiteko».
Lanak egiteko uztailaren 15etik abuztuaren 31ra kiroldegia bere osotasuean ixtea aurreikusi zuen Udalak baina irekiera data atzeratu dela jakinarazi du, aldageletako ateen zein beste elementu batzuen hornidura atzeratzeen ondorioz.
Horrenbestez, irailaren 17an irekiko dute Urreta kiroldegi berritua eta egun horretan bertan hasiko dira ikastaroak. Prezioa proportzionalki murriztuko da.
Gauzatuko diren ikastaroak honako hauek dira:
- Mantentze gimnasia: Astelehenetan eta eguaztenetan eskainiko da 18:00etatik 19:00etara
- Pilates: Astelehenetan eta eguaztenetan, 19:00etatik 20:00etara
- Tonifikazioa: Astelehenetan eta eguaztenetan, 20:00etatik 21:00etara
- Haurrentzako igeriketa ohitzea: Astelehenetik barikura 17:00etatik 17:45era
- Haurrentzako igeriketa hastapena: Astelehenetik barikura 17:45tik 18:30era
- Haurrentzako igeriketa hobetzea: Astelehenetik barikura 18:30tik 19:15era
- Aquagym: Astelehenetan eta eguaztenetan 19:15tik 20:00etara
Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago Galdakaoko Udalaren webgunean eta Urreta kiroldegian irailaren 4tik aurrera egin daiteke.