Egunotan bizitzen ari garen tenperatura altuegiak ekar ditzakeen ondorioak ekiditeko asmoz, Urretako jaietan astelehen honetarako antolatuta zeuden ekintza guztiak bertan behera utzi ditu Urretaldea batzordeak.
Tenperatura altuengatik alarma gorria dago ezarrita Ipar Euskal Herrian eta EAEko hiru lurraldeetan, eta ondorioz baita Galdakao eta Usansolo ere. Eta Galdakaoren kasuan, Urreta auzoko jaiak bete-betean harrapatu ditu bero sapak.
Ondorioz, astelehen honetako jaietako ekintza guztiak bertan behera utzi dituztela iragarri du Urretaldea auzo elkarteak: 17:00etan txupipompas, 18:00etan trikitilariekin kalejira eta petanka txapelketa, eta 18:30ean junior mailako futbolin txapelketa zeuden aurreikusita. Denak bertan behera.
Alarma gorriari, baina, eguaztenera bitarte eutsiko dio gutxienez Eusko Jaurlaritzak. Beraz, Urretako zein oro har San Juanetako ekintza gehiagoren egoera baldintzatu dezake beroaldiak.
BINKEk guzti horren berri emango du, jakin bezain pronto.




