Urteko janari bilketa egiteko boluntarioak behar ditu Elikagaien Bankuak Galdakaon

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Alberto Dominguez

Bizkaiko Elikagaien Bankuak urteko janari bilketa nagusia antolatuko du azaroaren 25 eta 26an, baita Galdakaon ere. Baina horretarako boluntarioen beharra dute, eta laguntza eskatu dute. Hemen batu ditu Binkek izena emateko bideak.

Urriaren amaierarekin, Bizkaiko Elikagaien Bankutik laguntza eske joan ziren Galdakaoko Udalera, azaroaren 25ean eta 26an erakunde honek urteko janari bilketa nagusia egingo baitu lurralde osoan. Galdakaon ere egingo dute. Zehazki, Galdakaoko zortzi dendetako sarreretan antolatuko dituzte jasotzeko puntuak, eta horretarako boluntario eske joan ziren udalerriko erakundera.

Udalak ohar hau bidali du hedabideetara, Bizkaiko Elikagaien Bankutik helarazitakoa azaltzeko, hitzez hitz:

«Azaroaren 25 eta 26an, supermerkatuak zabalik dauden orduetan bilketa egiteko jendea lortzea da sustatzaileen erronka. Galdakaon, Eroskiren hiru dendatan, BM-ren hirutan, Lidl batean eta Mercadonan egingo da bilketa. Boluntarioen txandak hiru ordukoak izatea da asmoa, eta horretarako jende asko behar dute.

Lana behar bezala antolatu ahal izateko, lehenbailehen izen emateko eskatu dute sustatzaileek, laguntzaile izango diren horiei eskerrak adieraztearekin batera».