Usansoloko V. Herri Lasterketa ekainaren 5ean antolatuko da
Kirola
BINKE / 2022ko maiatza
Usansoloko V. Herri Lasterketa ekainaren 5ean antolatuko da
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Eider Etxezarraga
Domeka honetan bueltan izango da Usansoloko Herri Lasterketaren bosgarren edizioa. Hiru kategoriatan banatuko dira irteerak 12:00etatik hasita eta parte-hartzaileen artean hainbat opari eta sari izango da. Hemen ibilbideak, ordutegiak eta izena emateko oharrak!
Bosgarren urtez antolatuko du Usansoloko U113 triatloi taldeak Herri Lasterketa, Arlo Baltza plazatik hasita. Izen-emateetan lortutako diru guztia gainera oraindik erabaki barik duten Gobernuz Kanpoko Erakunde bati eskainiko zaio, eta izena ematen dutenek kamiseta teknikoa izango dute opari.
Gainera, hainbat opari ere zozkatuko dituzte parte-hartzaileen artean, parte hartzera mozorrotuta doazenen arteko mozorrorik onenaren saria tarteko.
Umeak, 0 eta 9 urte artekoak, izango dira parte hartzen lehenak. Euren egin beharrekoa hauxe izango da: 12:00etan Arlo Baltza plazatik irten, Txapelenara joan eta irteerako plaza berera buelta. Gazteek, 9 eta 16 urte artekoek, ibilbide bera egin beharko dute baina bi aldiz.
Nagusiek berriz, 16 urtetik gorakoek, Torreondo paretik hasi beharko dute lasterketa, Laminarrieta osorik zeharkatu beharko dute zubiaren parera iritsi arte, tren geltokiaren alboko kaletik pasako dira, Pertxin bidea osorik Emakumeen plazara arte, Ander Deuna kaletik sartuta eliza inguruan buelta eman eta kale beretik Arlo Baltzan amaituko dute Usansoloko Herri Lasterketa parte-hartzaile nagusienek.
Hemen batu ditu Binkek nagusien kategoriako ibilbidea eta behean beste zenbait datu interesgarri:
Irteera ordutegiak eta distantziak:
12:00. Umeak — 0 eta 9 urte bitartean—, 500m herrian zehar.
12:15. Gazteak —9 eta 16 urte bitartean—, 1km —umeen zirkuituari bi bira—.
12:30. Nagusiak —16 urtetik gorakoak—, 6,9km —3 biraz osatutako ibilbidea—.
Izen ematea
Webgunean aldez aurretik —azken eguna maiatzak 31—: Nagusiek 5€ eta ume eta gazteek 1€.
www.cronocheck.com
Presentzialki aldez aurretik —azken eguna maiatzak 31, 20:00etan—: Nagusiek 5€ eta ume eta gazteek 1€.
Rollon Informatika, Oletxe kalea 19.
Egunean bertan: Nagusiek 10€ eta ume eta gazteek 1€.