Usansolon erroldatzeko deia egin du UHk, «Aldundiak inposatu gura duen Espainiako legeari aurre egiteko»
Lurraldetasuna
BINKE / 2021eko martxoa
Usansolon erroldatzeko deia egin du UHk, «Aldundiak inposatu gura duen Espainiako legeari aurre egiteko»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Anton Arana
Usansolo udalerri independente izatearen eskumena Bizkaiko Foru Aldundiarena bada ere, erakunde hau «Espainiako legea inposatzen» dabilela salatu du gaur Usansolo Herriak, 5.000 biztanle izan behar izatearena. Horregatik gaur, Usansolon bizi direnei bertan erroldatzeko deia egin diete.
Kalejiran eta zanpantzarrek gidatutako manifestazio batekin eman du gaur UHk Usansoloren segregazio prozesuaren berri, «Usansoloko legea foru araua da, erroldatu zaitez» lemapean. Monika Menak —Usansoloren prozesuaren UHren bozeramaileak— gaurko ekitaldian aldarrikatu duen bezala «berdeak erakusten dauan esperantzan eta alaitasunean» egin gura izan dute.
Gaurko jai giro hori, ordea, Bizkaiko Foru Aldundiak «prozesuari jarritako beste oztopo baten barri emoteko» izan dela adierazi du Menak, eta argitu: «Lurraldetasunaren konpetentzia duen erakunde bakarra Aldundia bada be, Espainiako legea gura deuskue inposatu».
«Aldundiak eskatzen dituan baldintza guztiak betetzen dauz gureak», Usansolo Herriaren arabera. Baldintzetariko bat biztanle kopurua da. Kasu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren legeak dio 2.500 biztanle izan behar dituela herri edo auzo batek udalerri independente izateko, eta Espainiako legeak, 5.000 biztanle. «Baina orain, Usansolo udalerri independente izatea Aldundiaren esku baino ez badago be, erakunde honek diosku 5.000 izan behar garala», azaldu du megafonoa eskutan Monika Mena usansolotarrak.
Horren aurrean, Usansolon zenbat biztanle dauden zenbatzen ari dira orain. Horregatik gaur, bertan bizi diren pertsona guztiei Usansolon erroldatzeko eskatu die UHk, «Aldundiak ez dezan Usansolo independente ez izateko aitzakiarik txikiena izan».