Zabalik dago euskara ikasteagatik dirulaguntzak eskatzeko epea
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak dirulaguntzak eskainiko ditu euskara ikasteagatik eta honezkero zabalik dago hauek eskatzeko epea. Urriaren 15era arte egin ahal da eta hemen batu ditugu horretarako xehetasunak.
Aurten ere Galdakaoko Udalak dirulaguntzak eskainiko dizkie oinarri arautzaileetan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten eta euskara ikasten ari diren 16 urte gorako herritarrei.
Udalak jakinarazi duenez, 2023-2024 ikasturtean egindako ikastaroak eta 2024 urtean zehar egindako ikastaro trinko eta barnetegiak onartuko dira dirulaguntzetan. Aldi horretan egindako aurrez aurreko ikastaroak eta autoikaskuntzako ikastaroak lagunduko dira diruz, betiere matrikularen zenbatekoa 20 eurotik gorakoa izan bada. Gehienez, pertsonako 500 euro emango dira.
Orain arte eskaerak bi deialditan banatu dira baina aurten aldiz, deialdi bakarrean batu ditu bi laguntza lerroak Galdakaoko Udalak.
Batetik, Galdakaoko Udal Euskaltegiko ikasleak eta Galdakaon erroldatuta dauden eta HABEK edo Udako Euskal Unibertsitateak homologatutako zentro ez-publikoetan euskara ikasketak egin dituzten ikasleen eskaerak jasoko dira. Lerro honetan matrikula gastuaren %50 ordainduko da.
Bestetik, hurrengo lerroetan zehazten diren ikasle-kolektibo batzuen eskaerak jasoko dira: Galdakaon erroldatuta dauden 0-12 urteko haurren gurasoak, egoitza soziala Galdakaon duten tokiko saltokiren bateko jabeak edo langileak, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE), Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL), Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreren (DGDS) eta Langabezia-prestazioaren onuradunak. Bigarren dirulaguntza-lerro honetan matrikula kostuaren %60tik %100era arteko dirulaguntza jaso dezake eskatzaileak.
Informazio gehiago eskuratu daiteke Galdakaoko Udal Euskaltegian (944566174).