Zuriñe Garcia sukaldari galdakoztarra sukaldeetara itzuli da, Portugaleten
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Julio Legarretaetxebarria, Binkeren artxibotik
Andra Mari jatetxe galdakoztarrean 22 urte egin ostean «atseden hartzeko beharra» sentitu zuen Zuriñe Garcia goi-mailako sukaldari galdakoztarrak. Baina bueltan da, eta Portugaleten aurkituko ditugu aurrerantzean bere plater gozoak. Hemen kontatu dizugu zein jatetxetan dabilen orain!
Binkeren 2020ko abenduko azalaren protagonista izan zen Zuriñe Garcia, bueltan da. Hedabide honek Andra Mari jatetxean ezagutu zuen txaketatxo zuri eder hura janzten hasi da sukaldari galdakoztarra berriro. Aurrerantzean, eta «beharrezko atsedenaldia» hartuta, Portugaleteko Puente Colgante Boutique hoteleko El Paladar jatetxeko sukaldeen artean ariko da Garcia.
Urtarrilean Zuriñe Garcia Garciak (Galdakao, 1980) Galdakaoko Andra Mari utzi zuen, bertan ia 22 urtez lan egin ondoren, «gainezka» eginda eta gastronomiaren lehen lerroan egiten zuen lana amaren zereginekin uztartzeko gai izan gabe. «Laupabost urte hondoratuta daramatzat. Nire osasun mentala eta fisikoa desorekatu diren puntu batera iritsi naiz. Gelditu egin behar dut sendatzeko. Horregatik hartu dut Andra Mari jatetxea uzteko erabakia», esan zion Jantour aldizkariari bere garaian.
Orain, atseden hartuta, etxeko kontuak bideratuta —11 urteko alaba dauka eta berarekin egoteko beharra ere bazuen, Binkeri kontatu zion bezala— eta osasuntsu dagoela itzuli da.
Hemendik aurrera beraz, Michelin izarreko Bizkaiko emakume sukaldari bakarraren lanak dastatu gura dituenak Portugaletera jo beharko du. Ibilbide on, Zuriñe!