Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek mobilizazioekin jarraitzen dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ELA Osakidetza
Labeako Ospitaleko TGEEZko langileek mobilizazioak egin dituzte hilabeetan zehar euren soldata Osakidetzaren lehenengo mailako arretarekin parekatzea eskatzeko. Atzo berriz batu ziren eta biharko manifestaziora deitu dute Bilboko Osasun Delegaritzan. Halaber, abendurako greba egunak deitu dituzte.
Berriz batu ziren atzo Labeako Ospitalean dagoen Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileak euren soldata Osakidetzaren lehenengo mailako arretaren lankideekin parekatzea eskatzeko. Mobilizazioekin jarraituz, manifestaziora deitu dute bihar Bilboko Osasun Delegaritzatik 12:00etan eta apirilean egin zuten moduan, greba iragarri dute abenduaren 20, 21, 22 eta 23rako.
Binkek berri eman duen moduan, hilabeteak igaro dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoko odol- eta ehun-horniketaz arduratzen diren langileek soldata igoera aldarrikatzeko mobilizazioak hasi zituztenetik eta akordio batera heldu ezinean, horrela jarraituko dute. SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta UTESE sindikatuen arabera, gehiengo nagusia ari da mobilizazioekin bat egiten. Aurretik greba egin zuten eta errepidea moztu zuten egun batzuetan.
Osakidetzari %4aren igoera eskatzen diote TGEEZko langileek, lehenengo mailako beste arreta zentroetakoekin konparatuz «diskriminatuta» baitaude orain.