Sinadurak bildu dituzte Usansoloren erdigunean Metro geltokia eskatzeko
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: Metro Bilbao
Metroaren 5. linearen ibilbideak Basauriko Sarratu eta Labeako ospitalea batuko ditu. UHk ordea gaur egungo Usansoloko Euskotren geltokia kendu eta mugikortasuna «okertuko» dela salatu du, 1.300 sinadura batu dituela beste aukera batzuk aldarrikatzeko.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Metroaren 5. linearen ibilbidea ezagutzera eman zuten pasa den urrian, Binkek batu zuen moduan. Besteak beste, Basauriko Sarratu eta Labeako ospitalea batuko ditu, Euskal Trenbide Sareak egingo dituela zati honetako lanak.
Usansolotarrak ordea ez daude oso ados erabaki honekin, izan ere, linea berri honek Usansoloko gaur egungo Euskotren geltokia kendu eta ospitale ondoko Labea auzora aldatuko du. Hortaz, Usansoloko erdigunea geltoki gabe geldituko litzateke.
«Geltoki berri hori Usansoloko herrigunetik kanpo dago. Ospitalearen geltokitik erdigunerako distantzia 850 metrotik gorakoa da. Metro-geltokira dagoen distantzia egungoaren bikoitza baino gehiago da. Horrek esan nahi du dagoen zerbitzua baino askoz okerragoa dela», salatu du Usansolo Herriak. «Gaur egun primerako konexioa du Usansolok Bilbo-Bermeo-Bilbo tren zerbitzuarekin», adierazi dute.
Auzokideen artean 1.300 sinadura baino gehiago batu ditu alderdiak, orain arte dauden mugikortasun aukerak ez okertzeko aldarrikatu duela. Horretarako, beste aukera batzuk proposatu ditu. Batetik, 5. lineako lur azpiko tren geltokia Usansoloko herrigunean jartzea eskatu dute, metroaren maiztasunarekin.
Hau posible izango ez balitz, herrigunea eta Labeako ospitalea lotuko duen lur azpiko konexioa sortzea aldarrikatu dute UHtik.