Ganguren Mendi Taldeak ‘Kanporamartxo’ irteera antolatu du otsailaren 12an
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ganguren Mendi Taldea
Aurreko urteetan bezala, Ganguren Mendi Taldeak ‘Kanporamartxo’ irteera antolatu du otsailaren 12rako. Galdakaotik hasi eta Errekalde, Aretzak, Azuela eta Aranzelai igaroko dituzte parte-hartzaileek, guztira 12,6 kilometro eginez.
Urtero egin ohi duenez, Ganguren Mendi Taldeak ‘Kanporamartxo’ irteera antolatu du. Kasu honetan otsailaren 12an egingo da eta guztira 12,6 kilometro egingo dituzte ekimenean izena ematen duten parte-hartzaileek.
Galdakaotik abiatuko dira goizeko 9:00etan Ganguren Mendi Taldearen bulegotik eta Errekaldetik igaroko dira Aretzak-Los Robles eta Belaustegi gana igotzeko; Landatx ganatik jarraituko dute Belategiraino eta, ondoren, Azuela ganaraino igoko dira.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten ez dira Txaketolandeatik joango «pinuak moztu direlako eta bidea oso egoera txarrean dagoelako». Hori dela eta, Azuelatik zuzenean Aranzelaiko presarantz doan bidezidorretik itzuliko dira. Han bertan, jolas-gunean, egingo dute aurtengo ‘Kanporamartxo’ 11:30 aldera, janaria hartzeko tartea izango dela. Itzulera Urretaraino jaitsiko da eta berriro Ganguren taldearen bulegora.
Tradizio handiko ekimena da ‘Kanporamartxo’ Galdakaon eta baita Bizkaiko beste hainbat herritan. «Aratosteen aurreko domekan basora joan eta txarrikia janez ospatzen den jaia da. Igande horretan herrietako jendeak mendi aldera jotzen zuen eta han parranda egiten zuten. Parranda horretarako eramaten zituzten txorizoak eta ardoa, bakoitzak berea. Gero sutea egin eta denon artean erre. Ostean, kantuak eta dantzak hasten ziren», azaldu dute Ganguren Mendi Taldetik.
Informazio gehiago ezagutu daiteke Ganguren Mendi Taldearen webgunean.