Gidari batek bihotzekoa izan du Usansolon, AP-8 autobidean
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Luis Calabor
Auto gidari batek bihotzekoa izan eta ondorioz istripua sufritu du AP-8 autobidean, Usansoloren parean. Suhiltzaileak, anbulantzia, Ertzaintza eta helikopteroa ere gerturatu dira ezbeharraren lekura. Hemen batu dugu orain arte jakitera eman den informazioa.
Eguazten eguerdian eman dute Bizkaiko Suhiltzaileek abisua, 13:30 aldera, «Galdakaon trafiko istripua izan dela eta bertara bidean» zeudela esanez. Autopistan bertan gertatu den istripura bertaratu dira suhiltzaileak eta ordubetera, 14:30 pasatxo, iragarri du El Correo egunkariak istripuaren zergatia: auto gidari batek bihotzekoa izan du gidatzen ari zen bitartean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez, gidatzen ari zen autoa 13:15ean atera da errepidetik, eta bi errei itxi dituzte Usansolo parean, Bilborako noranzkoan. Ondorioz, auto-ilara luzeak sortu dira. Istripuan ez da ibilgailu gehiago kaltetu.
Istripua izan duen gidaria ordea bai, zauritu egin da, baina ez dute bere osasunaren egoeraren berririk eman. Hala ere, helikoptero batek eraman behar izan du ospitalera, aipatutako egunkariaren arabera.