Iñigo Hernando EUDELeko Batzorde Eragile berriko kide izendatu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EUDEL
Esther Apraiz, Derioko alkatea, EUDELeko Elkarteburu izendatu zuten atzo Donostian egindako bileran. Batzorde Eragile berriko kideak ere hautatu zituzten, haien artean, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea. Hemen batu dugu batzordeko kide guztien zerrenda.
Euskadiko Udalen Batzar Orokorreko alkateek atzo, irailak 19, aukeratu zituzten Donostian egindako bileran hurrengo lau urteetan EUDELen Gobernutik maila instituzionalean udal guztiak ordezkatuko dituzten kideak.
Esther Apraiz, Derioko alkatea, EUDELen Elkarteburu berri izateko hautatu zuten, aho batez. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea izango ditu lagun Apraizek. Biek beste agintaldi bat egingo dute elkarteburuorde gisa.
Batzorde Eragileko gainerako kideak ere aukeratu zituzten, haien artean Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea. Harekin batera izango diren kideak hauek dira: Erlantz Urresti (Maruri Jatabe), Maialen Gurrutxaga (Elgoibar), Jon Luqui Albisu (Urretxu), Nati López de Muniain (Elburgo), Txerra Molinuevo (Amurrio), Txelo Auzmendi (Asparrena), Xabier Lertxundi (Hernani), Eneritz Azpitarte (Zaldibar), Izaro Elorza (Oñati), Mikel Torres (Portugalete) eta Zallako zinegotzia, Joseba Andoni Zorrilla Ruiz.
Hautaketa hautetsontzi batean egindako botazioaren bidez egin zen, Elkarteko organoak berritzeko estatutuetako arauen arabera.
Aro berri honetan eta «udalerrientzat sor daitezkeen aukera guztiak aprobetxatzeko xedez», Esther Apraizek hasierako hiru proposamen egin zituen:
- Udalgintza feminista baten aldeko apustua egitea, besteak beste, EUDEL indartuz emakume hautetsiek udal-politikan duten lidergo eta eraginerako gune gisa
- Herritarrekiko konfiantzazko zubiak eraikitzea, EUDEL irekiagoa, eraginkorragoa eta parte-hartzaileagoa bultzatuz, erakundearen barruko adostasunetik abiatuta
- Lankidetza instituzionala bultzatzea, udalerriek ekarpen handia egin behar duten politika publikoak lortzeko eta garatzeko, hala nola euskara, gizarte-zerbitzuak, berdintasuna, enplegua eta ingurumena