Josi Sierrak ekoitzitzako ‘WikiEmakumeOK DOnK’ dokumentala Zinebi jaialdian estreinatuko da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Josi Sierra
‘WikiEmakumeOK DOnK’ dokumentalak Wikipediako emakume editore-taldearen prozesua azaltzen du abesti baten bitartez. Josi Sierra galdakoztarrak ekoitzi du proiektua eta martitzenean, azaroak 14, estreinatuko da Bilboko Zinebi jaialdian.
Atzo hasi zen Zinebi jaialdiaren 65. edizioa. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdiak programazio anitza eskainiko du azaroaren 17ra arte eta orotara 43 estatutan sortutako 128 pelikula eskainiko dituzte.
Haien artean, ‘WikiEmakumeOK DOnK’ dokumentalaren estreinaldia hartuko du Zinebik martitzenean, azaroak 14. Saioaren sarrera doakoa da eta 400 pertsonako aforoa bete harte sartu ahal izango da BBK Aretora.
Josi Sierra galdakoztarrak ekoitzi du proiektua eta abesti baten bidez, Wikipediako editore-taldearen prozesua azaltzen du, Wikiemakumeok taldearen genealogia berreskuratuz.
Emakume horiek azaltzen dute nondik datorren ekimena, zer egiten duten astero Wikipedian emakumeen eta gizonen biografien arteko oreka bilatzeko, mundu digitalean ere, berdintasun handiagoa lortzeko. «Kontakizunak ikus-entzunezko metafora bat ehuntzen du, musika eta biografia femeninoen artean, dibulgazio-asmo argi bat azaltzen, Euskal Herriko hainbat herrietako errealitatea islatuz», azaldu dute sortzaileek.
Dokumentalaren kozuzendariak Mentxu Ramilo Araujo, Marta Macho Stadler, Make Irigoyen Perurena, Marisa Barrena Larruzea eta Nerea Uriarte Goitia dira.