Ganguren: «Pozik gaude lokala margotu izanarekin»
Ganguren Mendi Taldeak 75 urte
BINKE / 2020ko urria
«Pozik gaude lokala margotu izanarekin»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko elkarte garrantzitsuenen artean dago Ganguren Mendi Taldea, eta ez 75 urteko ibilbidea ospatzen ari delako bakarrik, bere bizkarrik sendoena ia 3.000 bazkidek osatzen dutelako baizik. Bizi luzea, Ganguren!
Galdakaoko mendizaleen erreferentea da Ganguren Mendi Taldea, 1945ean jaio zenaz geroztik. Urtean zehar egiten dituzten txango, ski irteera edo antolatzen dituzten lasterketak medio, aski ezaguna da herritarren artean eta orain, are ezagunagoa elkartearen 75. urteurrenean. Hala ere, pandemiak eragina izan du elkartearen urteko plangintzan, eta horren inguruan hitz egiteko batu da Binke Ganguren Mendi Taldeko batzordearekin.
Ez dira gutxi gero 75 urte. Zelan ari zarete bizitzen Gangurenen urteurrena? Gogo handiz eta lan askorekin, ez baita urtero halako ospakizun bat egiten. Egia da Covid-19a medio, ez-ohiko ospakizun bat izango dela aurtengoa, pena handiz ezingo baitugu antolatuta genuen bezala ospatu. Egoera berri honetara moldatu eta gauza asko bertan behera utzi behar izan ditugu. Baina, hala ere, egitarau eder bat prestatzen saiatu gara, ahalik eta gauza gehien antolatuz.
Egitarau zabala antolatu duzuela ikusi dugu. Nola laburtuko zenukete prestatutakoa? Esan bezala, gauza asko bertan behera utzi edo berrantolatu behar izan ditugu, bizi dugun egoerak hala eskatzen duelako. Hala eta guztiz ere, goiko lerroetan aipatu dugun moduan egitarau zabala prestatu dugu. Erakusketak Torrezabal Kultur Etxean, oroimen ekitaldia, mahai ingurua, Ganguren VI. Igoera, mendizale euskaldunen hitzaldiak, Mugarriz Mugarriko ibilbide laburra edota Galdakaoko eta Usansoloko mendietan plakak jartzea izan dira besteak beste antolatu ditugun ekintzetako batzuk. Hau guztia laburpen txiki bat baino ez da, zehaztasun gehiagorekin irakur dezakezue egitaraua gure webgunean.
Zuek ere ezin saihestu pandemiaren eragina, beraz… Bai, izugarria izan da honen eragina. Ez soilik 75. urteurrenerako geneukan guztia berrantolatu behar izan dugulako, baizik eta urtean zehar antolatzen ditugun irteera asko bertan behera utzi behar izan ditugulako ere. Zorionez, ibilaldi gehienak atzeratu ahal izan ditugu, eta urte amaierara bitartean burutuko dira. Greziatik ikasle talde bat etortzea ere espero genuen eta Galdakaoko eskolen parte-hartzearekin batera Bizkaiko mendietara igotzea zen gure nahia. Pena handiarekin hartu genuen plan hau aurrera eraman ezin izatea.
Itxura aldaketa itzela eman diozue zuen lokalaren aurpegiari, zelan ba okurritu zitzaizuen horrelakorik? Lokalaren kanpoaldean zerbait berezia egitea denbora luzean izan dugu buruan. Gainera, gure herriko hainbat lekutan egin dituzten muralak aztertu ondoren eta hauek izan duten emaitza ederra ikusita, gure lokalaren fatxadan mural bat egitera animatu ginen. Aspaldiko ideia bazen ere, momenturik aproposena zela iruditu zitzaigun. Gure 75. urteurrena dela baliatu eta harremanetan jarri ginen Bada artistarekin. Hasiera batean, jendearen gustukoa izango ez zelaren beldurrarekin hartu genuen proiektua, baina pozik gaude orain, zorionez jendearen arreta piztu eta emaitza positiboa izan duelako!
Zein da egun Galdakaoko eta Usansoloko mendizaletasunaren egoera?Ganguren Mendi Taldean, Galdakaoko auzo guztietako, Bizkaiko herri guztietako eta Araba eta Gipuzkoako hainbat bazkide ditugu. Usansolotar asko ere gure klubeko parte dira. Beraz, alde horretatik gure harremana edo egoera oso ona da Euskal Herriko mendizale guztiekin, baita Usansoloko mendizaleekin ere. Hala ere, egia da Usansoloko mendi taldearekin harremanik ez dugula, baina gure 75.urteurrean antolatu ditugun ekintza guztietara gonbidatuta daudela nabarmendu nahi dugu.
Belaunaldi berrien artean nabari al da mendira joateko joerarik? Bai. Geroz eta gehiago dira mendira joateko joera duten gazteak, nahiz eta hauetako askok mendi talde batekin joateko ohiturarik ez izan. Gaur egungo gazteriaren artean haien kabuz edota lagun artean joatea da ohikoena, baina mendira joateko joera goranzkoa dela argi daukagu. Aipatzekoa da hala ere asko direla Gangurenek Arraban duen aterpera joaten diren gazteak. Pertsona ugarik pentsatzen du Ganguren Mendi Taldean helduentzako baino ez ditugula irteerak antolatzen baina guztiz okertuta daude. Belaunaldi ezberdinentzat antolatzen ditugu irteerak; ume, gazte, nerabe zein helduentzat. Hori dela eta, adin tarte ezberdinetako jendea gurekin irteerak egitera animatzen dugu.
Urte hauetan guztietan hainbat izan dira egin dituzuen irteerak. Bat aukeratzekotan, zein izango litzateke gehien gustatu zitzaizuena? Erantzuteko galdera zaila. Asko dira azken urteetan egin ditugun irteerak eta bakarra aukeratzea lan zaila da guretzat. Baten bat aukeratzekotan, Bizkaiko Mendirik Mendi irteera aukeratuko genuke. Irteera honen helburua Bizkaiko 127 mendietara igotzea zen, deiadar-mendiak barne —Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia, Oiz eta Sollube—. Helburua mendi hauetara taldeka igotzea zen eta ordu zehatz batean soinu seinaleak egin behar zituzten, adarraren bitartez. Irteera ederra eta ahaztezina izan zen hura, jende asko elkartu baikinen helburu bakar eta polit batekin. •
Jarraitu Ganguren sarean!
gangurenmt@gmail.com
www.gangurenmt.net
Instagram, Facebook eta Twitterren!