Adinekoei zuzendutako lau ekintza antolatuko ditu Galdakaoko Udalak otsailean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Barakaldoko Udala
Adinekoei zuzendutako lau ekintza antolatuko ditu Galdakaoko Udalak otsailean zehar. Zehazki, Barakaldoko Munoa Jauregira bisita, mendi ibilbidea eta erorketen prebentzioari eta memoriaren estimulazioari buruzko tailerrak eskainiko ditu.
Hilabetero egin ohi duen moduan, Galdakaoko Udalak hainbat ekintza antolatuko ditu adinekoentzat. Zehazki, lau saio doako eskainiko ditu hilabete honetan eta guztietan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea.
Otsailaren 15ean Barakaldoko Munoa Jauregira bisita gidatua eskainiko du Udalak. Euskaraz 11:00etan izango da eta 12:00etan aldiz gaztelaniaz; eta izena emateko epea zabalik dago. Munoa Barakaldoko gune historikoetako bat, aipatua agertzen da jada 1569an gertuko Burtzeñako Monasterioaren jabetzen artean, eta bertan, baserri bat, sagastiak, mahastiak eta baratzeak egon ziren XIX. mendearen erdialdera arte.
Hilaren 29an aldiz, Txakolinaren itzalpera oinezko ibilbidea egiteko aukera izango. Erroten ondarea eta Gorbeia mendiaren magalean kokatuta dagoen udalerri bizkaitar baten auzune batzuk ezagutu ahal izango dituzte parte-hartzaileek eta izen-ematea otsailaren 16tik aurrera egongo da zabalik.
Tailerrei dagokienez, erorketak prebenitzeko saioak eguaztenero egingo dira otsailaren 28tik martxoaren 20ra Bengoetxeko Danok Aurrera adinekoen zentroan. Izen ematea zabalik dago honezkero.
Memoria estimulatzeko Ikastaroa otsailaren 23an hasiko da eta ekainaren 7ra arte luzatuko da, 10:15etik 11:45era Aperribaiko elkartearen lokaletan eta 12:15etik 13:45era Usansoloko Gure Etxean. Izen ematea zabalik dago.
Informazio gehiago lortu daiteke astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan 10:00etatik 13:30etara eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara Galdakaoko Udalaren Gizarte Ekintzako bulegoan.