‘Euskaldunon hizkuntza eskubideak’ hitzaldia eskainiko du Agurne Gaubekak Torrezabalen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Tokikom
Eguenean, maiatzak 23, ‘Euskaldunon hizkuntza eskubideak’ hitzaldia eskainiko du Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak Torrezabal Kultur Etxean. Hitzorduan euskara plan berriaren erronkak aurkeztuko ditu ere Galdakaoko Udalak.
Hurrengo hamar urteetan «euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko» helburuz, Galdakaoko Udala marko estrategikoa diseinatzen ari da. Ildo honetan orain arte aurreko planaren diagnostikoa egiten ibili dira eta herritarrei euren euskararekiko eta euskal komunitateari buruzko pertzepzioak jasotzeko galdetegia egin diete.
Horrez gain, diagnostiko kualitatiboagoak egin dira udaleko zinegotziekin eta Euskara
zerbitzuko langileekin, eta maiatzaren 9an Torrezabaleko erakusketa gelan batu ziren elkarteekin planaren inguruan aritzeko.
Maiatzaren 23an beste pauso bat emango du Udalak bide honetan eta euskara plan berriaren erronka nagusiak aurkeztuko ditu Torrezabal Kultur Etxean 18:30ean.
Hitzorduan Galdakaoko Udalak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak hitzarmena sinatuko dute ere eta honen harira ‘Euskaldunon hizkuntza eskubideak’ hitzaldia eskainiko du Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren zuzendari den Agurne Gaubekak.