Udal kiroldegietako greben ondorioz galdutako dirua eskatu dezakete honezkero abonatuek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Azken hilabeteetan greba egunak deitu dituzte udal kiroldegietako langileek eta honek eragina izan du Galdakaoko zerbitzuetan ere. Galdakaoko Udalak iragarri duenez, abonatuek itxieren ondorioz galdutako dirua eskatu dezakete ekainaren 30era arte.
Bizkaiko Lokal eta Kirol Zelaietako langileek hainbat mobilizazio egin dute azken hilabeteetan, izan ere, sindikatuen esanetan «udalek gero eta gehiago murrizten dute kiroleko gastua», eta sektore horretako langileak dira «ondorioak gehien» pairatzen dituztenak.
Greba eta lanuzte egunek eragina izan dute Galdakaoko kiroldegietan ere eta Udalak otsailean iragarri zuenez, hauen ondorioz galdutako dirua bueltatuko zaie abonatuei.
Erreklamazioak ekainaren 30era arte egin ahal dituzte interesdunek, eta Esan herritarren arretarako zerbitzuaren bidez edo egoitza elektronikoa erabiliz egingo dira, greben ondorioz erabili ezin izan diren orduak eta egunak «modu zehatz eta zintzoan» azalduz.
Udalak zerbitzuak dagozkion kalkuluak egingo ditu abonatutako pertsonei dagokien zati proportzionala itzultzeko, egun kopurua, ixteko orduak, itxitako instalazio kopurua eta abonu mota oinarri hartuta.