Galdakaoko Barandiaran AEK euskaltegi eraberritua inauguratuko dute bihar
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso
Galdakaoko Barandiaran AEK euskaltegia hobetzeko lanak hasi zituen Udalak irailean eta honezkero amaitu dituzte. Bihar, ekainak 21, egingo dute inaugurazioa eta hitzorduan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Zerbitzua hobetzeko helburuz, Galdakaoko Barandiaran AEK euskaltegian obrak hasi zituen Udalak irailean. Obrek irauten duten bitartean behin-behineko lokal bat alokatu du AEK-k Zubiaurretarren 7 kalean eta han izan dira ikasle eta irakasleak, BINKEk jaso zuen moduan.
Lanak ordea amaitu dira eta bihar, ekainak 21, egingo dute lokal eraberrituaren inaugurazioa. Ekitaldia 18:30ean hasiko da eta mokadutxoa eta hainbat sorpresa egongo dira.
Inaugurazioan parte hartzera animatu dituzte herritarrak eta horretarako aurretik izena ematea eskatu dute euskaltegitik, helbide honetan: barandiaran@aek.eus.