Galdakaoko EAJk herrian Emisio Gutxiko Eremuak ezartzea eskatu dio Udal Gobernuari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EITB
Galdakaoko EAJk herrian Emisio Gutxiko Eremuak ezartzeko ekintzak «lehen baino lehen martxan jartzea» eskatu dio Udal Gobernuari. «nitrogeno dioxido maila murriztu behar da OMEk gomendatutakora, eta arreta berezia jarri behar zaie herritar ahulei eta eskola-inguruneei», adierazi dute jeltzaleek.
Eusko Jaurlaritzak 2030erako Euskadiko lehen Airearen Kalitate Plana onartu du, eta, Galdakaoko EAJ-PNVren hitzetan, horren ondoren, «poluzioa eta airearen kalitate-maila hobetzeko funtsezko erronkei heldu behar diegu, pertsonen osasunean eragindako ondorio negatiboak minimizatzeko».
Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleen bozeramailearen hitzetan, planean hamaika jarduera-ildo jasotzen dira, eta bakoitzak garatu beharreko ekintza-talde bat du. Ekintza horiek hainbat alderdiri egiten diete erreferentzia, bai emisio poluitzaileak murrizteari, bai gure udalerriko airearen kalitatea hobetzeko beste irtenbide batzuk indartzeari.
Galdakaoko eskola-inguruneetan neurketak egin ondoren, aztertutako ikastetxe bakar batek ere ez lituzke beteko OMEren zehaztapenak. «Zazpi ikastetxeetatik hiru bakarrik daude 20 mikrometroen azpitik; gainerako laurek indize hori gaindituko lukete, eta indize hori OMEk 10 mikrometro baino gutxiagorekin gomendatutako indizearen gainetik dago», azaldu dute jeltzaleek. «Airearen kalitate txarrak gaixotasun kronikoak eta garapen-arazoak eragiten ditu, eta haurren osasunari kalte handia egiten dio», azpimarratu du Agirregoikoak.
Bozeramailearen hitzetan, «50.000 biztanletik beherako udalerria izatea ez da oztopo horrelako jarduerak egiteko» eta horregatik Udal Gobernuari eskatu dio Emisio Gutxiko Eremuak ezartzeko ekintzak «lehen baino lehen martxan jartzea».
Eskaera hau egiteko mozioa aurkeztuko du Galdakaoko EAJ-PNVk bihar, ekainak 27, udalbatzak egingo duen osoko bilkuran.