Indarkeriz lapurretan saiatzen harrapatu zuten gizon bat Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Ertzaintza
Ustez bi laguni indarkeria erabilita eta lesioak eraginda lapurtzen saiatzeagatik 37 urteko gizon bat atxilotu zuten martitzen goizaldean ertzainek.
Galdakaoko herrigunean zegoen ertzain patruila batek bi gizon borrokan ikusi zituen iragan martitzen goizaldean. Borrokan zeudenen pertsonengana hurbiltzean, inplikatuetako batek agenteei esan zien «beste inplikatua berari eta bere lagunei lapurreta egiten saiatu zela, eta bere lagunetako bat zaurituta zegoela horren ondorioz», adierazi du Ertzaintzak.
Lapurretaren ustezko egilea identifikatu zuten jarraian ertzainek, eta zauritutako biktima artatu. Azken honek poliziei esan zien ustezko lapurrari aurre egin ziola eurek lapurtzera joan ziren unean, eta horregatik «hankatik hartu eta lurrera bota zuela biktima».
Lesioak eragin zizkion identifikatutakoak ukondoan, eta ondorioz Usansoloko ospitalera eraman behar izan zuten biktimetako bat.
Ertzaintzak, bere aldetik, 37 urteko gizona indarkeria erabiliz lapurreta egitea eta lesioak eragitea leporatuta atxilotu zuen, eta, polizia-eginbideak amaitzean, agintari judizialaren eskuetan jarri zuten ustezko gaizkilea.