Urreta kiroldegia berritu eta handitzeko lanak hasi dituzte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Atzo, uztailak 1, hasi zituzten Urreta kiroldegiaren barrualdea berritu eta handitzeko lanak eta hauek aldagela batzuei eragingo diete hilaren 14ra arte. Uztailaren 14tik abuztuaren 31ra bitarte ordea, erabat itxita egongo da kiroldegia.
Galdakaoko Udalak hasi ditu honezkero Urreta kiroldegiaren barrualdea berritzeko, aireztapen naturala txertatzeko eta kiroldegia handitzeko lanak. Lanek guztira 22 hilabete irautea aurreikusi dute eta faseka egingo dituzte, «erabiltzaileei ahalik eta kalte txikiena eragiteko».
Atzo, uztailak 1, hasi ziren lanak eta hilaren 14ra arte kiroldegia zabalik egongo da baina lanek eragina izango dute solairu nagusiko aldagela eta bainugela batzuetan. Bi aste hauetan hormak eta zorua berritzen, aldagelen distribuzioa aldatzen eta irisgarritasuna hobetzen hasiko dira.
Bitartean, erabilgarri egongo diren guneak eta sarrerak behar bezala seinalatuta egongo dira eta harrerako langileek erabilerari buruzko zalantzak argituko dituzte.
Uztailaren 15etik abuztuaren 31ra aldiz, kiroldegia itxita egongo da bere osotasunean. Beste aldagelak berritzeko lanak hasiko dira eta dutxa zein komuna barruan dituzten aldagela irisgarriak eraikitzen. Sarrera ondoan dagoen eremua da eta igerilekurako zein kantxarako bide erdian dagoena. Ezingo da bertatik pasatu, eta beraz, itxi egingo da kiroldegia.
Irailetik aurrera hasiko dira kiroldegia handitzeko lanak. Solarium gisa ezagutzen den gunea da eraikitzeko erabiliko dena: hutsik dagoen kuboa erabilgarri jarriko da, eta bi solairu eraikiko dira gune horretan. Fase honetan egingo den lehen gauza lur azpian dagoen sotoa egokitzea izango da, eta, besteak beste, suteen aurkako babesak areagotuko dira. Handitze lan horiek egiten diren bitartean erabilgarri egongo da kiroldegia.
Lan horiek amaitu ondoren ekingo diote solarium gunean bi solairu eraiki eta teilatua jartzeari. Beheko eta lehenengo solairuetan bi gune diafano egongo dira, askotariko ekintzetarako edo gimnasio berria ezartzeko.
Guztira 22 hilabete inguru beharko dira lanak amaitzeko, eta orduan, mila metro koadro gehiago izango ditu Urretako kiroldegiak. «Erabiltzaileek aspalditik eskatzen duten gimnasioa izango du, azpiegitura berrituak eta kantxan aireztapen naturala», adierazi dute Udaletik.
Horretarako, ordea, garai batzuetan enbarazu egingo zaie erabiltzaileei lanek irauten duten bitartean. Ahalik eta kalterik txikiena eragiteko plangintzak ezarriko ditu Udalak, baina, izan daitezkeen kalteen aurrean, ulerkor eta pazientziaz jokatzea eskertzen die Udalak erabiltzaileei.
Era berean, Udalak jakinarazi du Urretako kiroldegia itxita egongo den bitartean (uztailaren 15etik abuztuaren 31ra) Elexaldekoa zabalik mantenduko dela, erabiltzaileen kaltea arintzeko. Honakoa izango da ordutegia:
- Astelehenetik barikura: 09:00-22:00
- Zapatuetan: 09:00-20:00
- Domeka eta jaiegunetan: 09:00-14:00