Galdakaoko Duatloi Inklusiboa antolatuko dute bigarrenez urriaren 13an
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Galdakaoko Duatloi Inklusiboa antolatuko dute bigarrenez Galdakao Mozoilo Triatloi Klubak, Euskadiko Triatloi Federazioak eta Udalak elkarlanean. Urriaren 13an izango da eta izena emateko epea zabalik dago hilaren 7ra arte.
Iazko arrakasta errepikatzeko asmoz, Galdakaoko Duatloi Inklusiboa antolatuko dute bigarren aldiz Galdakao Mozoilo Triatloi Klubak, Euskadiko Triatloi Federazioak eta Udalak elkarlanean. Urriaren 13an izango da eta izena emateko epea zabalik dago webgune bitartez astelehenera, urriak 7, arte.
Gaur aurkeztu dute ekitaldia Ardanza parkean egindako agerraldian eta honetan, Galdakaon ekintza inklusiboak egitearen garrantzia azpimarratu du Iñigo Hernando alkateak. Ildo berean, Amets Iturbe Gizarte Ekintzako zinegotziak «inklusibotasunaren bidean gaudela» adierazi du. «Udala beti izango duzue ondoan mota honetako ekintzak antolatzeko, beti egongo gara prest», azaldu du Iturbek, antolatzaileei erreferentzia eginez.
Hain zuzen, ekintzaren antolatzaileetako bat den Galdakao Mozoilo Triatloi Klubeko Richar Gomezek ere parte hartu du agerraldian eta probaren garrantzia nabarmendu du: «Guztiok kirola berdintasunean disfrutatzeko aukera dugula erakutsi nahi dugu berriz Galdakaon».
JIOrings enpresako Iñigo Barrenetxeak, probaren babesleen ordezkari moduan, eskerrak eman dizkie antolatzaileei eta «gu beti laguntzeko eta inklusibotasuna babesteko prest egongo garela» adierazi du.
Azkenik, Javier Delgado Euskadiko Triatloi Federazioaren ordezkariak probaren nondik norakoak azaldu ditu. Galdakaoko II. Duatloi Inklusiboa 10:00etan hasiko da eta supersprint modalitatean lehiatuko da, bi kategoriatan, federatua (emakumezkoena eta gizonezkoena) eta herrikoia. Azken honetan bakarka edo binaka parte hartu ahal izango da.
Ibilbidea honakoa izango da: 2,1 km korrika, 9,1 km bizikletan eta 1,1 km oinezko martxan. «Galdakaoko zirkuituak duen berezitasuna da denok berdina egingo dute. Zirkuitua parte-hartzaileen beharretara egokitu dugu eta ez alderantziz, askotan egiten den moduan», azaldu du Delgadok.
Probaren amaieran sariak banatuko dira, eta baita parte-hartzaileentzako opariak. Halaber, zozketak egongo dira.
Hemen Iñigo Barrenetxearen eta Amets Iturberen hitzak hitzorduaren inguruan: