Apiriletik aurrera eskatu ahalko dira etxeetan irisgarritasuna eta energia hobetzeko dirulaguntzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ucaragón
Etxeetako irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko lanetarako eta energia iturri berriztagarriak jartzeko dirulaguntza berriak eskaintzea adostu zuen Galdakaoko udalbatzak azken osoko bilkuran. Eskaerak 2025eko apiriletik aurrera egin ahal izango dira.
Galdakaoko udalbatzak osoko bilkura antolatu zuen urriaren 30ean eta honetan, besteak beste, etxeetako irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko lanetarako eta energia iturri berriztagarriak jartzeko dirulaguntza berriak eskaintzea adostu zuten alderdiek aho batez.
Etxebizitza pribatuetako lanetarako eta bizitegi eraikinetako elementu komunetarako izango dira laguntzak, eta hiru lerro izango dituzte. Lehenengoa irisgarritasuna hobetzeko lanetara bideratua egongo da: igogailuak lehenengo aldiz jartzea, komunitateetan edo etxeetan oztopo arkitektonikoak kentzea, pasabide edo ateak egokitzea, bainuontzien ordez dutxak jartzea zein bainugelak irisgarriago egitea, adibidez.
Bigarren lerroak aldiz, energia eraginkortasuna hobetzea du helburu: isolamendu termikoa hobetzeko lanak lagunduko dira, baita leihoak ordezkatzea ere, esaterako. Azkenik, energia berriztagarriko iturriak instalatzea lagunduko du Udalak.
Diru laguntzen zenbatekoa diru sarreren araberakoa izango da etxe partikularrei dagokien laguntzetan, eta gehienez 3.000 eurokoak izango dira etxebizitza bakoitzeko eta laguntza lerro bakoitzeko. Erkidegoei dagokienez, inbertsioaren %40a ordainduko da gehien jota, 8.000 euroko mugarekin.
Eskaerak 2025eko apiriletik aurrera egin ahalko direla espero du Galdakaoko Udalak. Hemendik aurrera, diru laguntza hauek urtero emango direla aurreikusi du, udalbatzak urtez urte erabakitzen duen diru kopuruarekin. Aurten, 200.000 euro bideratuko ditu Udalak laguntza hauetarako.