Garazi Etxebarria galdakoztarraren erakusketa eskainiko du Murtziako galeria batek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Rekalde aretoa
Murtziako Artnueve galeriak Garazi Etxebarria galdakoztarraren ‘Rosa y Negro’ erakusketa eskainiko du gaurtik, azaroak 14, aurrera. Erakusketa honetan espresioa bilatzen du gazteak, «ez bakarrik oihalean, baita kalean ere».
Murtziako Artnueve galeriak artista euskaldunen erakusketa bi inauguratu ditu gaur, azaroak 14. Batetik, Hodei Herreros gazteiztarraren ‘Bye bye caravansar’ erakusketa eskainiko du, siluetatik, itzaletik, gauzak mugatzen dituen ingurutik sortzen diren gainazal lauen bidezko eskultura-lanak batzen dituena.
Bestetik, Garazi Etxebarria galdakoztarraren ‘Rosa y Negro’ bilduma hartuko du Murtziako galeriak. Gazteak espresioa bilatzen du erakusketa honetan, «ez bakarrik oihalean, baita kalean ere».
«Beti liluratu izan nau orban horiek nola sortzen diren langileek graffiti bat estaltzen dutenean. Ustekabeko moduan azaleratzen den obra liluragarria aurkitzen dut, arte formalaren zametatik aske, pinturaren aurrez ezarritako egiturarik gabe», adierazi du Etxebarriak bilduma honen inguruan.