Galdakaon banatuko dira aurtengo Bizkaiko merkataritzaren sariak
TESTUA ETA IRUDIAK: Irati Alonso García
Bizkaidendak Federazioak bere urteko gala Galdakaon antolatuko du aurten abenduaren 28an eta bertan II. Bizkaidendak Saltokien eta VI. Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketaren sariak banatuko dira. Halaber, Galdakaoko erakusleihoen saridunak iragarriko dituzte hitzorduan.
Bizkaiko merkataritzaren erdigunean jarriko da Galdakaon abenduaren 28an. Torrezabal Kultur Etxeak II. Gala Bizkaidendak 2024 hartuko du eta honetan II. Bizkaidendak Saltokien eta VI. Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketaren sariak banatuko dira.
Horrela azaldu du Jose Andres Cebrecos Bizkaidendak Federazioaren presidenteak, gaur Galdakaoko udaletxeko plenoa aretoan egindako agerraldian. Bertan, Bizkaidendakek guztira 43 elkarte batzen dituela azaldu du eta eskerrak eman dizkie Galdakaoko Udalari eta Gu Dendari elkarteari gala antolatzeko emandako laguntzagatik.
«Oso harro gaude. Galak Bizkaia osoaren fokua Galdakaon jartzeko aukera emango digu», adierazi du agerraldian Monika Bailon Sustapen Ekonomikorako zinegotziak. Iñigo Hernando alkateak aldiz, Gu Dendari elkartearen lana eskertu du eta herritarrei dei zuzena egin die Galdakaoko dendetan konsumitzeko.
Esan bezala, Bizkaidendakek II. Bizkaidendak Saltokien Sariak banatuko ditu Galdadaoko galan eta hauen barruan hiru sari emango ditu:
- Bizkaidendak Saria 2024, merkataritzan egindako Ibilbide Profesionalari
- Bizkaidendak Saria 2024, Etorkizuna eta Berrikuntza merkataritzan
- Bizkaidendak Saria 2024, merkataritzan Euskara Bultzatzeagatik
Halaber, VI. Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketaren sariak emango ditu Bizkaidendakek, epaimahiaren kategorian eta baita herriak aukeratutakoak.
Hain zuzen, denbora luze baten ostean berriro antolatu den Galdakaoko Erakusleihoen Txapelketako sariak ere banatuko dira abenduaren 28an Torrezabalen egingo den ekitaldian. Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak epaimahi profesionalak aukeratutako hiru erakusleihorik onenak sarituko dituzte, eta baita publikoak hautatutakoa.
Gaur da herritarrek haien erakusle gogokoena bozkatzeko azken eguna, eta Gu Dendari elkartearen webgunean egin daiteke, BINKEk jaso zuen moduan.
«Parte hartu duten saltoki guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu eta gogorarazi komertzioak herria pizten duela», adierazi du Leire Loroño Gu Dendari elkarte galdakoztarreko presidenteak agerraldian.
Hemen Leire Loroñoren eta Xabier Arana Bizkaidendak Federazioko teknikariaren adierazpenak ekitaldiaren inguruan: