
BIDEOA | Galdakaon 1928tik 1964ra arte aritu zen Margari emaginaren bizitza ezagutarazi dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Margarita Gutierrez emaginak ehunka ume erditzera lagundu zuen Galdakaon 1928tik 1964ra arte eta emakume honek egindako «lan itzel hori» ezagutzera emateko helburuz, bere ibilbidea aztertzen hasi ziren Pilar Monreal eta Josi Sierra galdakoztarrak. Orain bideo bat argitaratu dute ‘Margari Emagina’ ezizenez ezagutu zen emakumeari buruz, eta albiste honetan batu dugu.
Margarita Gutierrez 1894ko martxoaren 4an jaio zen Arrigorriagan eta Galdakaora 1922an etorri zen, Juan Jose Beitiarekin ezkondu ostean. 1928 urtean haurdun zeuden emakume pobreei laguntzeko lanean hasi zen Galdakaoko Udalarentzat eta 1964ra arte ehunka ume erditzen lagundu zuen.
Emagina izan zenez, herrian ‘Margari emagina’ ezizenez baino ez zuten ezaguten, duela hilabete batzuk Romualda Zuloaga panderojole galdakoztarrari omenaldia egin zuten egunean konturatu ziren bezala.
Ekitaldi horretan Pilar Monreal eta Josi Sierra galdakoztarrek bere nortasuna eta bizitza ezagutzeko ekimena zabaldu zuten, herriko jendeari dei bat eginez, eta ikerketa horren ondorioz bere izen abizenak jarri zizkioten. Halaber, emakumearen jaiotza eta heriotza datak aurkitu zituzten, eta bere lanaren gora-beherak ezagutu ere.
Eta hau guztia da hain zuzen orain bideo batean batu dutena, «Margarita Gutierrezen bizitza eta lana ezagutzera emateko asmoz».