AEBtan sartzea debekatu diote Urtzi Gartzia EITBko kazetari galdakoztarrari

TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Urtzi Gartzia EITBko kazetari galdakoztarra AEBtara bidaiatzekoa zen pasa den zapatuan, Boiseko Jaialdiaren berri emateko, baina herrialdean sartzea debekatua zuela jakinarazi zioten Munichen egindako hegaldi-eskalan. Berarekin hitz egin du BINKEk gertatutakoa jakin eta bere egungo egoera zein den ezagutzeko.

Hamar urteko geldialdiaren ostean, berriz ospatuko da bihartik abuztuaren 3ra bitarte euskal diasporaren jaialdia Boisen (Idaho), AEBtan. Hain zuzen, honen berri emateko AEBtara bidaiatzekoa zen pasa den zapatuan Urtzi Gartzia EITBko kazetari galdakoztarra, baina herrialdean sartzea debekatu zioten.

Kazetariak BINKEri azaldutakoaren arabera, Munichen egin zuen eskala. Han megafoniatik deitu zuten eta pasaportea entregatu behar zuela jakinarazi zioten, AEBtan sartzea debekatuta zuela adieraziz. Gartziak ez zuen arrazoirik jaso, bakarrik ezin zuela Denverrera hartu behar zuen hegaldia hartu, ezin zelako AEBtan sartu.

Gartziak AEBtan sartzeko dokumentu guztiak onartuta zituen. Bi hilabete lehenago AEBtako enbaxadan izan zuen elkarrizketa, BISA onartu zioten, eta bidaiatu baino hiru egun lehenago jaso zuen.

Galdakoztarra hainbatetan izan da AEBtan, azkena duela bederatzi urte, eta ez du inoiz arazorik izan. Naiz hedabideak publikatutakoaren arabera, baliteke herrialdera sarrera debekatzen aritzea Amaiur alderdiko komunikazio aholkulari gisa lan egin zuelako Espainiako Kongresuan.

Hala ere, Gartziak azpimarratu du AEBko enbaxadatik ez diotela oraindik debekuaren arrazoirik eman eta elkarrizketa bat eskatuko duela gertatutakoari buruzko azalpenak jasotzeko. Halaber, nabarmendu du ez duela inoiz justiziarekin arazorik izan, ezta aurrekaririk ere.