Martxoaren 27an egingo da Usansoloren segregazioaren inguruko galdeketa
Lurraldetasuna
BINKE / 2022ko otsaila
Martxoaren 27an egingo da Usansoloren segregazioaren inguruko galdeketa
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Usansolotarrek Usansolo Galdakaotik segregatzearen alde ala kontra bozkatu ahal izango dute martxoaren 27an, Binkek jakin ahal izan duenagatik. Hemen batu ditugu egun horretako zenbait datu primizian.
Martxoaren amaieran egin gura zutela iragarri zuten urtarrilaren 26an, eta Binkek jakin du honezkero: usansolotarrek Usansolo Galdakaotik segregatzearen alde ala kontra dauden bozkatu ahal izango dute ofizialki martxoaren 27an, domekaz. Hala ziurtatu dio Agustin Aizpuru Usansolo Herriako zinegotziak hedabide honi.
«Data zehatza prozesu guztian kontratatuta egon diran enpresakaz adostu gura izan dogu», azaldu dio Aizpuruk Binkeri, eta orain bai, galdeketa martxoaren 27an egingo dutela ziurtatu. Enpresa bi horiek Siadeco eta Torrene dira, eta «eurek arduratuko dira egun horretako prozesua prestatzeaz be», zinegotziak zehaztu bezala.
Galdeketa ondo egiten denaren ardura abokatu juridikoak izango du —hau ere prozesuaren memorian parte hartu duena— eta kontsulta egunean bertan Galdakaoko Udaleko idazkari orokorrak egingo ditu dagozkion akta guztiak.
Galdeketa ofizial hau martxoaren 27an egin gura zuten Usansolo Herriako kideek, eta ez beranduago, «udaren aurretik emaitzak argi eta Usansoloren etorkizuna erabakita izan gura dogulako», helarazi du Aizpuruk.
Orain, eguna bera prestatzen ari direla aitortu dio UHko kideak Binkeri: «Hauteslekuak, hautetsontziak, erroldatutako boto-emoleak, pertsonala… egun horretan dana ondo urten daiten prestaketa lanetan gabilz orain».