ARGAZKIAK | Atzo aurkeztu zuen Galdakaok 22. Korrika
Euskara
BINKE / 2022ko otsaila
Atzo aurkeztu zuen Galdakaok 22. Korrika
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Gero eta gutxiago falta da 22. Korrika gure artean izateko, eta atzerako kontaketa atzo hasi zuten galdakoztar euskaltzaleek, aurtengo edizioaren berri jasotzeko aurkezpenean. Usansolotarren txanda izango da gaur.
Atzo aurkeztu zuen AEK-k Korrikaren 22. edizioa, eta gaur —otsailak 18— egingo du Usansolon, Binkek beheko albistean aurreratu zuen bezala. Aurkezpen galdakoztarra Torrezabal Kultur Etxean egin zuten Galdakaoko AEK Barandiaraneko Eneritz Zabala eta Asier Martin kideek.
Atzoko aurkezpenean aurtengo Korrikaren nondik-norakoak aurkeztu zituzten: omenaldia Pirritx, Porrotx eta Marimototsi zergatik egin dioten, ibilbidea nondik nora igaroko den, Korrika Txikia Galdakaon apirilaren 8an egingo dutela ere adierazi zuten, eta oraindik Korrika Kulturaleko egitarauaren berri eman ez bazuten ere, Korrika Txikiaren egun berean Kantu Kolore talde galdakoztarrak ikuskizuna eskainiko zuela ere aurreratu zuten.
Gainera, apirilaren 2an Korrika Egunaz gozatu ahal izango dute euskaltzale galdakoztarrek eta bai Ganguren Mendi Taldearekin zein Andra Mari Dantza Taldearekin ere ekintza bana antolatuko dutena kontatu.
Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoa bete egin zen Korrikaren berri izateko, eta Josu Zabalo AEK-ko kide historikoa arduratu zen pentoen, txapen, pinen eta abarren salmentaz. Ekitaldiaren amaieran, Dog&Fox tabernan mokadutxo bana jateko aukera ere izan zuten bertaratutakoek.
Gaur Usansoloren txanda izango da, 17:30etik aurrera plazako frontoiaren bueltan. Usansolon, gainera, arropen salmenta ere izango da eta aipatutako ordutik aurrera umeentzako jolasak antolatuko ditu herriko ludotekak.