Galdakaoko Udalak Zubiaurretarren kaleko 7. zenbakiaren eta Juan Sebastian Elkano kaleko 18. zenbakiaren artean kokatuko den igogailuaren obrak lizitaziora atera du. Uda osterako martxan egotea aurreikusten da.
Zabalea auzoa herriko erdigunearekin erabat lotzeko helburuz, Galdakaoko Udalak igogailua eraikiko du Zubiaurretarren kaleko 7. zenbakiaren eta Juan Sebastian Elkano kaleko 18. zenbakiaren artean.
Prosezua hasi du dagoeneko. Iazko apirileko osoko bilkuran onartu zuen esku hartze horretarako dirua bideratzea, eta hainbat gorabehera gainditu ondoren, obrak egiteko kontratua lizitaziora atera du.
Igogailua etxeak eraiki dituen enpresak jarri du, Udalarekin hala adostuta, eta horren kudeaketa publikoa izango da. Horrela, herriaren goialdean dagoen auzoaren eta erdigunearen arteko irisgarritasuna hobetuko da, eta horrek 5.000 herritar ingururen egunerokoan izango du eragina.
Zubiaurretarreneko igogailua eraikitzeko aurrekontua 516.209,67 eurokoa da, BEZa barne, eta behin obrak hasita, zortzi hilabete inguruko iraupena izango dute. Datorren urteko uda osterako martxan egotea aurreikusten da.
Igogailuaren goiko geralekua, Juan Sebastian Elkano kalekoa, modu irisgarriagoan lotzeko, 23 metro inguruko pasabidea eraikiko da. Horrez gain, egungo eskaileren zati bat egokitu egingo da azpiegitura berria txertatu ahal izateko.
Diseinuari dagokionez, igogailuak kristalezko fatxadak eta egur teknologikozko xafla bertikalak izango ditu, ingurunean egokitzeko eta erabiltzaileen segurtasun sentsazioa hobetzeko. Halaber, argiztapen berria jarriko da pasabidean eta sarbideetan, gauez ere ibilbidea seguruagoa izan dadin.




