Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek errepideak moztu zituzten
Osakidetza
BINKE / 2022ko martxoa
Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek errepideak moztu zituzten
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: TGEEZ-ko langileak
Atzo goizeko zazpirak aldera ospitale azpiko errepideren batetik ibilgailuarekin ibili bazinen, akaso sufrituko zenuen trafiko arazorik. Labeako ospitalean dagoen Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileak izan ziren errepide nagusia moztu zutenak. Hemen kontatu dizugu zergatik.
Iazko otsailean iragarri zuen Binkek Labeako ospitalean dagoen Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko (TGEEZ) langileek mobilizazioak hasi behar zituztela, abenduan berriz, mobilizazio horiek greba egunetan bilakatu ziren. Eta oraindik euren aldarrikapenarekin jarraitzen dute. Atzo, esaterako, iaz egin zuten antzera, errepidea ebagi zuten.
TGEEZ-ko langileek euren soldatak erakundeko lehenengo arretako gainontzeko profesionalekin parekatzea eskatzen diote Osakidetzari, ez baitzaie ospitalizazioko langiletzat hartzen, «nahiz eta EAE osoko odol- eta ehun-horniketaz arduratzen garan eta erkidego osoko ama-esnearen bankua ere bagaran», kontatu zioten Binkeri 2021eko otsailean. Parekatze hori %4koa da eta igoera hori soldatan islatzea eskatzen dute SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta UTESE sindikatuek.
Osakidetzak «kasurik egiten ez duenez», sindikatuen arabera, atzo ere ospitale inguruko errepideak moztu zituzten, baita autopistarako sarrera/irteera den N634 errepideko biribilgunea ere. Trafikoan eragin zuzena izan zuen goizeko zazpiretan egin zuten mobilizazio horrek eta auto-ilarak ere sortu zituen goizeko ordu horietan.
TGEEZ-ko aldarrikapen horiek alboratu barik, gaur Osakidetza osoan egingo diren mobilizazioetara gehituko dira transfusioen euskal zentroko langileak, sindikatuek medio honi baieztatu diotenaren arabera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sei osasun zentrotan egingo dira elkarretaratzeok, eta euretariko bat Labeako ospitalean, 11:00etan.