AEK-k urtarrilaren 26an aurkeztuko du 23. Korrika Usansolon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: AEK
Korrikaren 23. edizioa gure herrietatik martxoaren 21ean igaroko dela eman zuen ezagutzera duela egun batzuk AEK-k. Urtarrilaren 26an ordea, euskararen aldeko ekimenari buruzko xehetasun gehiago emango ditu Usansolon, Oinarin Dantza Taldearen lokalean antolatuko duen aurkezpenean.
Martxoaren 14tik 24ra antolatuko da aurten euskararen aldeko 23. edizioa. Irunen hasi eta Baionan amaituko den ibilbidea Euskal Herriko hainbat txokotatik igaroko da, tartean Galdakaotik eta Usansolotik.
AEK-k duela egun batzuk jakinarazitakoaren arabera, gure herrietatik martxoaren 21ean izango da Korrika eta hainbat kale igaroko ditu, BINKEk jaso zuen moduan.
Urtarrilaren 26an emango du AEK-k Usansolon egingo den guztiaren berri. Oinari Dantza Taldearen lokalean aurkezpen umoretsua antolatuko du 19:00etan eta ondoren mokadutxoa hartzeko aukera izango da.
Ekitaldiaren aurretik aldiz, 17:30etik 19:00etara, umeentzako tailerrak eskainiko dituzte eta 23. Korrikaren arropa salduko dute Unkina plazako frontoi txikian.