
Aelvasa, Zamakoa eta Clínica Dental Loroño taldeak BINKEren babesle izango dira
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Indartzeko beharra dauka BINKE proiektu komunikatiboak, «aspaldi utzi ziolako papereko aldizkari soil bat izateari», eta horregatik aurrerantzean babesle pribatuen laguntza ere jasoko du. Galdakaon sortutako eta galdakoztarrek kudeatutako hiru talde handi izango dira BINKEren babesle ofizial aurrerantzean: Aelvasa, Zamakoa Eraikuntzak eta Clínica Dental Loroño. Ondoko albistean kontatu dizuegu zeintzuk diren hiru enpresa hauek eta nortzuk dauden hauen atzean.
Aurretik dituen erronka berriei aurre egin ahal izateko, erakunde publikoen ezinbesteko paperari BINKEk babesle pribatuena ere gehituko dio aurrerantzean. Bide horretan, Galdakaon sortutako eta galdakoztarrek kudeatutako hiru taldek euren babes ekonomikoa eskainiko die proiektu honi. Enpresa horiek dira Aelvasa, Zamakoa Eraikuntzak eta Clínica Dental Loroño.
Aelvasa zerbitzu elektriko globalak eskaintzen dituen taldea da, aurten 40. urteurrena ospatzen ari dena. Talde honek Galdakao du sorterri, Angel Gomezek sortu zuen eta gaur egun bere seme Josu Gomezek darama taldearen lidergotza. Galdakaori lotutako ekimen asko laguntzen dituen BINKEren bigarren enpresa babeslea Zamakoa Eraikuntzak da, Amaia Fernandez galdakoztarrak buru duena eta bere aitak sortu zuena. Eta hirugarrenik, Clínica Dental Loroño (CDL) ere izango da hedabide honen babesle. Gutxi egongo dira Galdakaon CDL zer den ez dakitenak: Juan Bautista Uriarte kale nagusiaren 10. zenbakian dagoen hortz-klinika ezaguna da, Joseba Loroño gidari duena eta Galdakaoko kirolgintzarekin erabat konprometituta dagoen galdakoztarra.
Hiru talde hauei esker indartu ahal izango du BINKEk ikus-entzunezkoen arloa eta webgune berri baten eraikitzea. Hedabide honek badakielako «aspaldi utzi ziola papereko aldizkari soil bat izateari». Horregatik, proiektu hau osatzen duen taldeak eskerrak eman nahi dizkie hiru taldeei, «proiektu honetan sinistu eta berau indartzeko hartutako konpromiso irmoagatik».