Aldundiak helegitea jarriko dio Espainiak Usansoloren segregazioari emandako ezezkoari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EITB
Espainiako Gobernuak Usansolo toki-erakundeen erregistroan inskribatzea atzera bota zuen 5.000 biztanle baino gutxiago izateagatik. Aldundiak erabaki honi helegitea jarriko diola iragarri du gaur Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak.
Espainiako Gobernuaren Lurralde Politikako Ministerioak ukatu egin zuen Usansolo Bizkaiko 113. udalerria toki-erakundeen erregistroan inskribatzea. Binkek jaso zuen moduan, 5.000 biztanle baino gutxiago izateagatik atzera bota zuen.
Honen aurrean Aldundiak helegitea jarriko dutela iragarri du gaur Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. Euskadi Irratian adierazi duenez, «guk arau foral bat daukagu eta onartu zenean ez zen errekurtsorik aurkeztu».
Usansolok «arau guztiak betetzen» dituela gogorarazi du Etxanobek. «Aldundi bezala legitimitate guztia daukagu helegitea aurkezteko», adierazi du Etxanobek.
«Orain arte defendatu dugun postura defendatuko dugu eta aurrera jarraituko dugu, uste dugulako benetan Usansolok herri berria izan behar duela, Bizkaiko 113. udalerria», azaldu du Ahalgun Nagusiak.