Andra Mari Lanbide Heziketak Bilboko txapelketan parte hartu zuen ikasleek eraikitako autoarekin
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Andra Mari LH
Atzo, martxoak 10, egin zen Bilbon aurtengo auto elektrikoen lehen lasterketa eta parte-hartzaileen artean Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako ikasleak izan ziren. Gazteak haiek eraikitako auto ekologikoarekin lehiatu ziren.
Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketako ikastetxeak ‘Greenpower’ proiektuan parte hartu du, Udalaren babesarekin. Honen bitartez, ikasleek haien auto elektriko ekologikoa eraikitzen dute, antolatzen diren lehiaketetan parte hartzeko.
Aurtengo edizioa Bilbon hasi zen atzo, San Mamesen egin zen txapelketan. Honetan Espainiako hainbat txokotatik etorritako ikasleek parte hartu zuten, eta baita Galdakaoko Andra Mari Lanbide Heziketakoek ere. Zehazki, Oier, Cristian, Danel, Mohamed eta Douda izan ziren parte hartu zuten ikasleak.
Lasterketa 10:00etan hasi zen eta guztira 110 taldek parte hartu zuen txapelketan. Irabazlea bateria agortu gabe kilometro gehiago egiteko gai zen auto elektrikoa izan zen, hau da, energetikoki modu eraginkorrean gidatu zuena.