Ane Gurtubaik Bizkaiko Triatloi Txapelketa irabazi du sprint modalitatean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ane Gurtubay
Pasa den asteburuan Bizkaiko Triatloi Txapelketa antolatu zen Sestaon eta ehundaka kirolari batu zituen hitzorduak. Han izan zen Ane Gurtubai galdakoztarra eta lehen postua lortu zuen sprint modalitatean. Kirolariarekin hitz egin du Binkek lorpenaren inguruan.
Gaztea da baina honezkero emaitza onak lortu ditu Ane Gurtubai galdakoztarrak. Iaz bigarrena izan zen Euskadiko Sprint distantziako txapelketan eta Euskal Selekzioarekin Espainako txapelketara joateko aukera izan zuen. Halaber, Euskadiko duatloi txapelketan bigarrena izan zen eta Bizkaiko zirkuituan lehen postua lortu zuen 23 azpiko kategorian, baita bigarrena izan zen absolutuen artean ere.
Aurten ordea lesio bat izan du eta ezin izan du lehiaketa askotan parte hartu. Buelta ordea, indarrez egin du kirolariak.Pasa den asteburuan Bizkaiko Triatloi Txapelketa antolatu zen Sestaon eta Gurtubaik txapelduna izan zen sprint modalitatean.
«Oso hunkigarria izan da niretzat txapelketa hau irabaztea, ez bakarrik saria bera jasotzeagatik, baita atzetik egindako lan guztiari errekonozimendu bat izan delako. Sei hilabete igaro ditut lesionatuta, korrika egin ezinean, lehiatu gabe entrenatzen eta bueltan halako saria lortzea izugarria izan da niretzat», aitortu du gazteak.
Lorpena ahaztu barik, hurrengo txapelketa prestatzen hasi da Gurtubai. Datorrean astean, Zumaian, Euskadiko zirkuituko beste triatloi batean parte hartuko du eta denboraldia bukatzeko, Zarautzen ospatuko den bikote txapelketan egongo da.
Mota hauetako txapelketetan gero eta emakume gehiagok parte hartzen dutela azpimarratu du galdakoztarrak: «Horrek poztasuna ematen dit. Espero daigun tendentzia honek horrela jarraitzea datozen urteotan».