Sormene
BINKE / 2020ko abendua

Antzerkiaren eta dantzaren gainetik inklusioa aldarri Mariage d’Amour saioan, gaur Sormenen

TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai

Goizeko Andra Mari Dantza Taldearen tailerren ostean, Kirats Teatro Repelente taldeak hartu du Sormeneko arrastia. Taldeak Mariage d’Amour izeneko dantza eta antzerki emanaldia aurkeztu du, non diziplina bi horien gainetik, inklusioak eta maitasunak hartu duen indar.

Torrezabaleko eszenatokian Xabi Medina eta Nerea Iglesias artistak egon dira, dantza eta antzerkia ardatz dituen ikuskizuna aurkezten. Beraiekin batera, Maite Agirre ere izan da Galdakaon, bera izan baita Mariage d’Amour obraren zuzendaria. Artistek hasiera batean kaleko ikuskizun modura planteatu zuten obra, eta Donostiako kaleak argitu zituzten haien ikuskizunarekin. Geroztik, eta jendeak izan duen harrera ikusita, bi izan dira oholtza gainean egindako emanaldiak; bata Donostian bertan, eta bigarrena Galdakaon.

Ikuskizunaren ildo nagusia bi protagonisten arteko maitasun istorioa izan da, amodioa aldarri duen antzezlana izan baita. Hala ere, saioan zehar argi antzeman daitekenez, zeharkako beste hainbat gai jorratzen dira; adibidez, desgaitasuna duten pertsonen egoera. Maite Agirreren hitzetan, «bi errealitate psiko-fisiko erakusten ditu piezak», eta horixe ekarri dute gaur Sormenera. Xabi Medina gurpil-aulkian dabilen artista da, eta emanaldiaren bitartez ikusiarazi nahi izan du ezgaitasunen bat duen pertsona batek ere lan ederra egin dezakeela oholtzan.

Halaxe jaso du ere Torrezabaleko areto nagusira gerturatu den dozenaka ikuslek. Antzerki isila, erritmo aldetik lasaia eta elkarrizketa gutxikoa izan da, zeinetan bi aktoreen arteko mugimenduek eta doinuek protagonismo nabarmena izan duten. Lan honek zerbait argi utzi badu, antzerkiaren, dantzaren edota inklusibotasunaren beraren gainetik ere, maitasunak irabazi behar duela beti.

Bihar, ostirala, Sormenerekin jarraitzeko, ikastetxeentzako La Basuren musika tailerra eskainiko da goizean zehar, eta arratsaldean aldiz, streaming bidezko saioei hasiera emango die ekimenak. Emakume gazte sortzaileen solasaldia eta hiru kontzertu izango dira bihar: J. Martina, Haizea eta Ningra eta Kai Nakai.

Orain arte bezala, datozen egunetako arrastiko saio guztiak ere gure webguneko hasiera-orritik jarraitu ahal izango dira zuzenean.