Asier Martin galdakoztarra, ETB-1eko ‘Mihiluze’ saioko lehiakide
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EITB
Hego Uribeko AEKko irakasle den Asier Martin galdakoztarrak ETB-1eko ‘Mihiluze’ saioan parte hartu zuen atzo bere lankide Joseba Olanorekin batera. Programaren bigarren fasera heltzea lortu zuten eta hortaz berriz lehiatuko dute gaur, 21:30ean.
Urte askotan zehar arrakasta handia izan zuen ‘Mihiluze’ saioa ETB-1en, duela hamar urte agur esan zuen arren. Orain ordea bueltan da euskara eta hitzen jolasak uztartzen dituen programa Ilaski Serrano eta Antton Telleriaren eskutik.
Gaueko 21:30ean emititzen da astean zehar eta atzo galdakoztar batek parte hartu zuen. Asier Martin Hego Uribeko AEKko irakaslea eta Berbalagun eta Praktikatu eta Bizi ekimenetako dinamizatzailea izan zen lehiatzen, Joseba Olano lankide urduñarrarekin batera. Beste bi bikoteren kontra aritu ziren, 6.000 euro baino gehiagoko zakua irabazten saiatu zirela.
Lehen fasean bi bikote onenen artean geratu ziren, hortaz, bigarren fasean parte hartu ahal izan zuten. Honetan aldiz, ezin izan zituzten lau saioetako irabazleak izan diren Maddi eta Ainhoa garaitu. Hala ere, Asier eta Josebak gaur izango dute zakua irabazteko aukera berri bat, 21:30ean.