Bengoetxen etxebizitzak eraikitzeko lur eremua lagako dio Galdakaok Jaurlaritzari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Earth
Galdakaoko Udalak Bengoetxen kokatuta dagoen 3.879,10 metro koadroko lur eremu bat utziko dio Eusko Jaurlaritzari, bizitokiak egin ditzan. Zehazki, 36 eta 48 bizitoki artean egin ahalko ditu Jaurlaritzak lursail horretan.
Galdakaoko Udalak etxebizitzen prezioak mugatzeko helburuz gune tenkatu izendatzeko eskaera aurkeztu zuenean, hiru urterako plangintza egin zuen herri osorako, eta, beste neurri batzuen artean, etxebizitza publikoak eraikitzea proposatu zuen.
Ildo horretan, hurrengo hiru urteetan Bengoetxen babes ofizialeko 104 etxebizitza eraikitzea jasotzen du planak. Halaber, zuzkiduretarako baliagarria izango den eremua erabilgarri jartzea batzen du ere.
Eremu hori, 3.879,10 metro koadrokoa, Eusko Jaurlaritzari lagako dio Udalak, bertan zuzkidura bizitokiak egin ditzan, hala erabakitzen badu. Zehazki, 36 eta 48 bizitoki artean egin ahalko ditu Jaurlaritzak lursail horretan.
«Etxebizitzaren inguruan Galdakaoko Udala hartzen ari den neurrien artean kokatzen da arestian aipatutakoa. Aurten 60 bizitoki eraiki eta oso alokairu merkean eman ditu herriko gazteen eta guraso monoparentalen artean, etxebizitza hutsak erabil daitezen banan-banako lanketa egiten ari da, gazteentzat emantzipaziorako udal bulegoa zabaldu du eta irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko diru laguntzak ematen hasiko da datorren urtean», azaldu dute Udaletik.
Bestalde, eta udaberritik aurrera gazteen emantzipaziorako dirulaguntzak eskainiko direla gogorarazi du Udal Gobernuak.