BIDEOA | Gaur hasi dute greba mugagabea Maxameko langileek
Ekonomia
BINKE / 2022ko otsaila
Gaur hasi dute greba mugagabea Maxameko langileek
TESTUA ETA IRUDIAK: Jon Gomez Garai
Ertzaintzaren presentzia nabarmenarekin ekin diote gaur greba mugagabeari Maxam lehergaien enpresako langileek. Goizeko 07:30 eta 08:30 bitartean izan da Binke bertan, eta piketean izan diren bi langilerekin hitz egin du.
Otsailaren 8an iragarri bezala, Maxam Zuhatzuko lehergaien enpresa historikoaren enpresa-batzordeak gaur, otsailak 16, greba mugagabeari ekitea adostu zuen —batzorde honetan ordezkatutako sindikatuek aho batez onartuta—.
Aurretik langileek 42 eta 47 pertsona arteko kaleratzeak aurreikusten bazituzten ere, atzo zuzendaritzarekin izan zuten bileraren ondorioz 37 izatea dute helburu. Hala ere, gaur greba mugagabeari ekin dio langileen gehiengo nagusiak «hemen inor ez dagoela soberan» oihukatu eta lan-baldintza duinak aldarrikatzeko.
Greba mugagabea gaur hasi dute «enpresak nahi duen arte», azaldu diote Binkeri lanuztean zirenek, eta mobilizazioak goizeko 05:00etan hasi badituzte ere, mugimendu handiena 07:30 eta 08:30 bitartean izan dute, «dozena bat lankide eskirol lantegira sartu direnean». Bertan izan da tarte horretan Binke, eta Ertzaintzaren presentzia nabarmenaren artean hitz egin du Iñaki Etxebarria eta Gorka Sanchez Maxam lantegiko langileekin.