BIDEOA | Pedro Uribarri entrenatzaile galdakoztarra Sabadellen omendu zuten unea
TESTUA: Jon Gomez Garai
IRUDIAK: Galdakao Futbol Taldeko beteranoak
Galdakao Futbol Taldeko beteranoen entrenatzaile den Pedro Uribarri galdakoztarra da Sabadell futbol kluba Espainiako Ligako Lehenengo Mailara igoarazi duen azken entrenatzailea. Eta maitasunez gogoratzen dutenez, asteburuan Sabadellen bertan omendu dute. Ikusi bertatik bidali ziguten bideoa!
Hara-hona dabil urtero Galdakao Futbol Taldeko beteranoen taldea, eta doan lekura doala arrastoa uzten duen taldea da. Maiatzean Malagara egin zuten bidaian bertako klubeko atezain izan zen Iñaki Ibarretxe galdakoztarra omendu zuten, Binkek batu zuen bezala. Oraingoan aldiz, Pedro Uribarri entrenatzaile ohi galdakoztarraren txanda izan da, Sabadellen.
Pedro Uribarri entrenatzaile dabil oraindik, bere 81 urterekin, eta aurretik urte luzez ere aritu zen han-hemenka. Horietako talde bat Kataluniako Sabadeel taldea izan zen, klub hau Espainiako Ligako Lehenengo Mailara azkenekoz igoarazi duena.
Orain 37 urte izan zen igoera hori, maiatzaren 18 batez, Sabadellek Atlético Madrileño orduko taldeari 2-0 gailendu zitzaionean. Bere entrenatzaile zen Uribarri galdakoztarra, klubaren historiara pasa zena. Horregatik, asteburuan omendu gura izan dute katalanek, eta berarekin bidaia egin zuten Galdakao Futbol Taldeko beteranoek ere.
Norgehiagoka Olimpia Kirol Gunean jokatu zen, 18:00etatik aurrera, bere aginduetara egon ziren jokalari batzuen presentziarekin, hala nola, Lino Gutierrez, Tanco, Saura, Omar, Paco Sánchez eta Joan Barberà. Aurretik, Nova Creu Alta taldearen instalazioak berriro zapaltzeko aukera izan zuen galdakoztarrak bere iragan loriatsua berpizteko, eta igandean, estadioko zelai gainean, klubaren eta zaleen omenaldi txikia jaso zuen Sabadell eta La Nucia taldeen arteko partida erabakigarriaren atarian.
Une hori bera bideoz grabatu zuten Galdakao Futbol Taldeko beteranoek harmailatik, eta Binkeri bidali zioten jarraian. Ikusi, ikusi!