Click&Click elkarteak ‘Galdakaoko begiradak’ batu dituen argazkilaritza lehiaketako sariak banatu ditu
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Click&Click elkartea
Gai nagusi moduan ‘Galdakaoko begiradak’ duen argazkilaritza lehiaketako sariak banatu zituen Click&Click elkarte galdakoztarrak, Torrezabalen ospatu zen hitzordu berezian. Juan Fernando Tijerok irabazi du lehen saria, Uxue Vallek bigarrena eta Iñaki Pérezek hirugarrena.
Click&Click elkarte galdakoztarrak ‘Galdakaoko begiradak’ gaia oinarritzat duen argazkilaritza lehiaketako sariak banatu zituen Torrezabalen. Antolatzaileak, saridunak eta hainbat auzokide batu ziren hitzorduan, «egun ikaragarria» igaro zutela.
Juan Fernando Tijero izan da lehiaketako garailea, 250 euro jaso zituela Mari Paz Losada alkateorde eta zinegotziaren eskutik. Bigarren saria aldiz, 150 eurokoa, Edurne Espilla zinegotziak eman zion Uxue Valle gazteari. Hirugarren saria 50 eurokoa, Iñaki Pérezek irabazi du baina ezin izan zen Torrezabalen egon. Antolatzaileen esanetan, sari guztiak argazkigintzako materialean inbertitzeko dira.
Edizio honetako gaia ‘Galdakaoko begiradak’ izan da, herriko edozein alderdi, eszena, txoko, eraikin eta abar islatzen dituzten argazkiak batu dituela Click&Click elkarteak. Parte-hartzaile bakoitzak hiru argazki original eta argitaratu gabekoak aurkeztu ahal izan ditu, beste lehiaketa batean aurkeztu gabe, koloretan zein zuri-beltzean. Parte-hartzaileak egileak izateaz, lehiaketara aurkeztutako obren gaineko irudi-eskubideen erreklamazio guztiez arduratu dira.
Euskarriari dagokionez, irudiak JPEG formatuan bidali behar izan dira, artxiboek gutxienez 250 ppp-ko bereizmena izan dute eta argazkien ukitu orokor bat baimendu da, baina ezin izan da gehitu edo ezabatu jatorrizko konposizioa aldatzen duen elementurik.