EAJk Galdabusaren ibilbideak eta maiztasunak handitzea eskatu dio Udalari
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Galdabusaren ibilbideak eta maiztasunak handitzea eskatu dio EAJ-PNVk Udal Gobernuari. Besteak beste, zerbitzua Usansolora, Bekeara eta Olabarrira heltzea eskatu dute. Albiste honetan batu ditugu jeltzaleen aldarrikapenak.
Galdakaoko eta Usansoloko EAJ-PNVren ustez, «Usansoloko pertsonak Galdakaoko Udalari zergak ordaintzen ari diren bitartean eta segregazio prozesua amaitzen ez den bitartean edo Usansoloko eta Galdakaoko aurrekontuak bereizten ez diren bitartean, Udalak diskriminaziorik gabe eman behar ditu zerbitzuak».
Hori dela eta, alderdi jeltzaleak Galabusa Usansolora heltzea eskatu dio Udal Gobernuari, ospitalera arte zehazki. Halaber, Galdakaoko Bekea eta Olabarri auzoak ere «baztertu» egin direla salatu dute EAJ-PNVtik eta hauetara ere Galdabusa heltzea aldarrikatu dute.
Galdakaoko eta Usansoloko EAJk kontratu honen baldintzak aldatzeko egin zuten eskaera haien ustez «justifikatuta dago; izan ere, Iñigo Hernando alkateak berak, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailari egindako zerbitzuari buruzko informazio-eskaerari emandako erantzunean, hiri-autobusaren zerbitzuaren lizitazioa arautuko duten baldintza-agirietan kontratua aldatzeko aukera jasotzea aurreikusi zuen, Usansoloko nukleoa zerbitzu-kontratu horretan sartzeko», adierazi dute. «Borondate politiko kontua da, argi eta garbi, Usansolo ibilbidean sartu nahi edo nahi ez izatea, eta horren aurrean herritarrak gailentzen direla ulertzen dugu», azpimarratu dute.
Bestalde, egun Galdabusak eskaintzen duen zerbitzuan egin ahal diren hobekuntzen inguruan maiztasunak handitzea eskatu diote Udalari, batez ere Aperribai, Olabarrieta eta Txistulanda auzoetan. Halaber, Zabalganen geraleku bat jartzea nahi dute.
«Zerbitzu publiko bati suposatzen zaion bermearekin eskaini behar da zerbitzua. Erabiltzaileak autobusetik jaistera behartu dira, eta beste asko geralekuan utzi behar izan dituzte, edukiera faltagatik. Kasu honetan aurreikuspen faltak nahi gabeko ondorioak ekarri ditu», azaldu dute.