EGITARAUA | Nazioarteko zortzi artista arituko dira Kaiola festibalaren zortzigarren edizioan
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Musika esperimentala oinarri duen Kaiola festibala ekainaren 1ean antolatuko da Torrezabal Kultur Etxean. Zortzigarren edizioa izango da aurtengoa eta nazioarteko zortzi artista ikusteko aukera izango da. Hemen batu ditugu artistei buruzko xehetasunak.
Torrezabal Kultur Etxeako areto nagusia hobetzeko helburuz, obrak egin dituzte eta hurrengo asteetan irekiko ditu berriz ateak, hilabete batzuetan zehar Udalak kultur programazioa hortik kanpo antolatu ostean.
Hobetze-lanen ostean aretoak hartuko duen lehen ekintzetako bat Kaiola festibala izango da. Musika esperimentala oinarri duen jaialdiak zortzigarren edizioa antolatuko du aurten eta ekainaren 1an izango da, 20:00etatik aurrera. Sarrerak salgai izango dira 15 euroko prezioan ohiko webgunean.
Nazioarteko zortzi artista ikusteko aukera eskainiko du aurten Kaiolak, gaur egindako prentsaurrekoan Edurne Espilla Kultura zinegotziak eta Aritza Landaluze jaialdiko arduradunak azaldu dutenez. «Xarma berezia duten taldeak ikusteko aukera ezinhoba eskaintzen du jaialdi honek eta horregatik Udalarentzat garrantzitsua Kaiolaren aldeko apustua egiten jarraitzea», adierazi du Espillak.
Landaluzek azaldu duenez, 45 minutu inguruko kontzertuak eskainiko dituzte zortzi artistek, bost ikuskizunetan banatuta, izan ere, batzuk bikotean arituko dira.
Ben Vida eta Lea Bertucci musikariak adibidez, batera arituko dira Torrezabalen. New Yorken bat-batean topatu eta diska bat grabatu ondoren, lana aurkezteko bira Galdakaon amaituko dute. «Oso polita eta esanguratsua da bikoteak Galdakao aukeratu izana aro hori ixteko», azpimarratu du Landaluzek.
Felicia Atkinson eta Christina Vantzou bikotea aldiz, diska berria grabatzen ari da, eta Torrezabalen elektronika lasaia uztartuko duen kontzertua emango du, errezitala egiten duen bitartean.
Azken bikotea Klara Lewis eta Yuki Tsuji izango dira, elektronikaz gozatzeko aukera eskainiko dutenek ere. Batek soinuak botatzen dituen bitartean, besteak gitarra inprobisatuko du, «bide berera helduz».
Bakarka ordea, Patti Smithen bandan biolontxeloa jotzen duen Lucy Railton eta Jeremiah Chiu arituko dira. Azken honek «laborategi baten modukoan sortutako soinuak» deskubrituko ditu Torrezabalen.
«Kaiolaren misterioetako bat da ez dakizula zehazki artista bakoitzak egingo duena eszenatokian», nabarmendu du Landaluzek, herritarrak festibalera etortzera animatuz.