Elexaldeko igerilekuetan ez da erreserbarik egin beharko
Udako eskaintza
BINKE / 2022ko maiatza
Elexaldeko igerilekuetan ez da erreserbarik egin beharko
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Datorren eguaztenean, ekainaren 1ean, Elexaldeko igerilekuen udako denboraldia hasiko da, eta irailaren 30era arte egongo dira zabalik astelehenetik domekara. Oraingoan, ez dira txandak ezta edukiera murrizketak egongo, beraz, ez da aurretik erreserbatu beharko.
Ekainaren 1ean, datorren eguaztenean, irekiko dituzte Elexaldeko igerilekuak irailaren 30era arte. Pandemia dela eta, hainbat arau eta aldaketa ezarri behar izan ziren, baina aurten ez da aldez aurretiko erreserba egin beharko.
Ordutegiari dagokionez, astelehenetik domekara egongo da zabalik igerilekua; ekainaren 1etik 15era goizez —15:00retatik 20:00etara— eta ekainaren 16tik irailaren 30era egun osoz —11:00etatik 20:00etara—. Hala ere, bertako jarduerak itxi baino 15 minutu lehenago eten egingo dira.
Elexaldeko kirol-instalazio hauetan, piszina olinpiko bat eta jolasak dituen beste bat daude. Horrez gain, eguzkia hartzeko bi gune ere badituzte; bata belar naturalarekin eta bestea artifizialarekin. Edukiera, ondorioz, 1.166 pertsonakoa da.
Prezioei dagokienez, tarifa ezberdinak daude finkatuta:
- Abonatuak eta 4 urtetik beherakoak, doan.
- Abonatu gabekoak:
- 4 eta 16 urte bitartekoak: 5€ eguneko
- 17 urtetik gorakoak: 7,50€ eguneko
Udalak, galdakoztarrek «udako abonuez baliatzeko aukera dutela gogoratzen du», eta hala egiteko gomendatzen du. Ondoko hauek dira herritarrek dituzten aukerak:
- Familia abonamendua —familia osoa nahi beste joan daiteke lau hilabetez—: 64,90€
- Banakako abonamendua —25 urtetik gorakoak—: 46,90€ uda osorako
- Banakako abonamendua —25 urtetik beherakoak—: 36,10€ uda osorako
«Behar handiena dutenek», %70 arteko hobaria izan dezakete, diru sarreran eta familiako pertsona kopuruaren arabera. Abonamendu hauek, Urretako eta Unkinako kiroldegietan eska daitezke. Hobaria jasotzeko eskaera egingo dutenak aldiz, Esan-en, Txapelenan edo egoitza elektronikoan egin beharko dute.