Enplegu Planetarako 800.000 euro gehitzea erabaki du Galdakaoko udalbatzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Eguenean, maiatzak 30, Galdakaoko udalbatzak osoko bilkura egin zuen eta honetan hainbat gairen inguruko erabakiak hartu zituzten alderdiek. Besteak beste, Enplegu Planetarako 800.000 euro gehitzea adostu zuten.
Ohi den moduan, Galdakaoko udalbatzak osoko bilkura egin zuen hileko azken eguenean, maiatzak 30. Hitzorduan hainbat gai jorratu zituzten taldeek eta besteak beste, Enplegu Planetara 800.000 euro gehiago bideratzea eta horretarako transferentzia eranskinean aldaketa egitea erabaki zuten.
Bestalde, hiri hondakin solidoen bilketarako kontratua agortuta egonik, ordaintzeke dagoen faktura ontzat ematea onartu zen eta hiri hondakin solidoen bilketarako zerbitzua lau urterako 7.417.181 eurora arteko kostuarekin kontratatzea adostu zuen ere udalbatzak.
Halaber, Galdakaon hainbat egitasmo eta hobekuntza egiteko, 3.349.433 euroko kreditu aldaketa egitea erabaki zen. Moldaketa horrekin, esaterako, bi etxebizitza erosiko dira gizarte larrialdi egoeretarako; kaleak hobetuko dira; Torrezabal Kultur Etxearen hobekuntzekin jarraituz, areto nagusiko eskenatokirako igogailua eta entzumen urritasuna dutenentzako sistema berezia jarriko dira; eta argiteria berria herriko gune gehiagotara zabalduko da.
Azkenik, 2023ko diru kontuak itxi eta likidatzea onartu zuen udalbatzak, aurreko beste erabaki guztien moduan, EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak taldeetako 13 ordezkarien babesarekin eta EAJ eta PSEko 8 kideen abstentzioarekin.