Gaixoak helikopterotik larrialdietara eramateko golf ibilgailu bat erabiltzen dutela salatu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Aurretik helikopterotik Usansoloko ospitaleko larrialdietara gaixoak eramateko anbulantzia erabiltzen zuen Osakidetzak. Hau aldatu eta orain anbulantziaren ordez ibilbidea golf ibilgailu batean egiten dutela salatu dute. Osakidetzaren azalpenak batu ditu BINKEk albiste honetan.
Gaixoak Usansoloko ospitalera helikopteroz eraman behar dituztenean ondoan dagoen heliportu batera heltzen dira, eta handik eramaten dituzte larrialdietara. Ibilbide honek 150 metro inguru ditu eta aurretik anbulantziaz egiten zuen Osakidetzak.
Azkenaldian ordea, anbulantziaren ordez golf ibilgailu baten egiten dutela salatu dute herritarrek sare sozialen bitartez, azken hilabeteetan anbulantziekin egon diren arazoekin lotuz.
Honen aurrean, Osakidetzak azaldu dio BINKEri ibilgailu horrek «denbora dezente» daramala martxan, eta «pazienteak hobeto lekualdatzeko da, eta arintasun handia ematen digu». «Ibilgailua helikopteroaren baseraino iristen da, anbulantzia batek ezin du, altueragatik. Pazienteak arinago sartzen dira eta ez da bustitzen, mugikortasuna azkarragoa da ospitaleko urgentziara arte», adierazi dute.
Anbulantzietako langileek ordea, zalantzan jarri dute Osakidetzak emandako irtenbidea eta galdera hau bota dute: «Zer gertatzen da haize bortitzak badaude edo euria badago?».