Galdakao 7,8 puntukoa da eta Udala 6,8koa, herritarren ustez
Ikerketa
BINKE / 2022ko martxoa
Galdakao 7,8 puntukoa da eta Udala 6,8koa, herritarren ustez
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Google Maps
Aztiker ikerketa taldeak urte hasieran inkesta egin zuen, 18 urtetik gorako 400 herritarren artean, udalerriaren, Udal Gobernuaren eta beste hainbat esparruren inguruko iritzia jasotzeko: bataz beste, 7,8ko asebetetze maila dute galdakoztarrek Galdakaoren inguruan. Deskargatu txosten osoa hemen.
Galdakaoko Udalak «herritarren asebetetze maila ezagutu eta sentitzen dabezan behar nagusien barri izateko» inkesta egiteko eskatu zion Aztiker Soziologia Ikerguneari. Horrela ba, urte honetako urtarrilaren 24tik otsailaren 4ra bitarte telefono bidezko galderak egin dizkie ikerketa talde honek 400 pertsonari. Horien emaitzak gaur argitaratu dituzte.
Orokorrean ona da galdakoztarrek udalerriari buruz duten iritzia, eta Udal Gobernuaren kudeaketa ere ondo baloratu dute, Aztikerren arabera: «Galdetutakoen %70ek baino gehiagok erantzun dute Udal Gobernua arazoak konpontzen ari dela edo badakiela nola konpondu». Ordea, herritarren gehiengo horrek Udalak «denbora gehiago behar duela» iritzi dio, hori uste dutenak %71,4ko multzoa osatzen dute.
Termino orokorretan arituz gero, azterketak ondorioztatu du herritarrek 7,8ko puntuazioa ematen diotena udalerriarekiko duten asebetetze mailari. Are gehiago, herritarren erdiak baino gehiagok (%56,3) eman dio puntuazio hori herri honi eta herri hau kudeatzen dutenei, gehiengo horrek 7 eta 8 bitarteko emaitza eman diolako Aztikerri.
Udal Gobernua —lehenbizikoz EH Bildu, Auzoak, Podemos eta Usansolo Herria taldeen artean kudeatuta— legegintzaldiko lehenengo bi urteetan egiten ari den lan zehatzagatik galdetuta, emaitzak puntu bat behera egiten du, 6,8koa baita herritarrek egindako balorazioa.
Hobetu beharrekoen inguruan ere galdetu die 400 herritar horiei Aztiker taldeak, eta hauek izan dira herritarrek dituzten ardura nabarmenak: inkestatuten %31,7k garraio publikoa eta mugikortasuna aipatu dute hobetzeko beharren artean, aparkaleku falta %22,4k eta %9,7k azpiegitura publikoen hobetzeko beharra.
Legegintzaldi erdiko balorazio kuantitatiboa egiteko, Galdakaoko udalerrian bizi diren 18 urtetik gorako 400 herritarrei galdetu zien Aztikerrek 2022ko urtarrilaren 24a eta otsailaren 4a bitartean. Lagina ahalik eta fidelena izan zedin, adina eta sexuaren araberako kuotak erabili dira, telefono bidez egin diren galderetan. Laginak %95,5eko konfiantza maila du, eta ia %5eko akats tartea.