Galdakao da aurten kriminalitatearen hazkunderik handiena izan duen Bizkaiko udalerria
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Dapa images
Galdakao da urteko azken hiruhilekora arte kriminalitatearen hazkunderik handiena izan duen Bizkaiko udalerria, 20.000 biztanle baino gehiago dutenen artean. Guztira 1.021 delitu erregistratu ziren Galdakaon, iaz baino %14,8 gehiago, Espainiako Barne Ministerioaren arabera.
Espainiako Barne Ministerioak urteko azken hirulekora arteko Kriminalitate-Balantzea argitaratu du eta honen arabera Galdakao da kriminalitatearen hazkunderik handiena izan duen Bizkaiko udalerria epe honetan.
Urtarriletik irailera 1.021 arau-hauste penal zenbatu ziren Galdakaon. 2022ko aldi berean aldiz 889 erregistratu ziren, hau da, % 14,8 igo da kriminalitatea.
Hazkunde handiena sexu-askatasunaren aurkako delituetan izan zen, % 166,7ko igoerarekin; izan ere, 2022ko lehen bederatzi hilabeteetan erregistratutako hiru delituetatik 2023ko aldi berean erregistratutako zortzietara igaro da.
Ziberdelituak aldiz % 36,4 igo ziren. Iazko lehen bederatzi hilabeteetan 209 delitu erregistratu ziren eta aurten ordea 285.
Lapurreten, droga-trafikoaren eta ibilgailuen lapurreten kopurua ere igo zen aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan.
Galdakaoko EAJ-PNVk datu hauek «nahiko kezkagarriak» direla adierazi du. «Gobernu taldeak isilik jarraitzen du inolako informaziorik eman gabe eta EAJ-PNVk egindako galderei ere ez zaie erantzun dagokion Informazio Batzordean», nabarmendu du Ainhoa Agirregoikoa bozeramaileak.
«Tamalez, Gobernu Talde honen jokatzeko modu hau ez da berria, batez ere inplikazio
handiena eta proposamenen lana eskatzen duten gaiei dagokienez, kasu honetan,
galdakoztar bakoitzaren segurtasunerako beharrezkoak direnean», azaldu dute jeltzaleek.
Horregatik, Asier Egiraun Herritarren Segurtasuneko zinegotziaren presentzia eskatu dute
dagokion informazio batzordean, datu hauei buruzko galderak erantzuteko.